Herriraren kontrako operazioan atxilotutako 18 lagunetatik bederatzik uko egin diote gaur goizean Guardia Zibilen aurrean deklaratzeari: Amaia Esnal, Ekain Zubizarreta, Jesus Mari Aldunberri, Eneko Ibarguren, Jose Antonio Fernandez, Roberto Noval, Ibon Meñika, Beñat Zarrabeitia eta Oskar Sanchezi; azken hori, Itzubaltzeta / Romoko 24 urteko laguna. "Berria" egunkariak zehaztu duenez, atzo gauean deklaratu behar zuten Guardia Zibilaren aurrean, Nagore Garcia, Manu Ugartemendia, Fran Balda, Jon Garai, Sergio Labaien, Imanol Karrera, Eneko Villegas, Gorka Gonzalez eta Ane Zelaia, baina horiek ere hitz egiteari uko egin zioten. Sumarioa gaur goizean ireki dutela-eta abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalera joan dira epaileak atxilotuei zehazki zer leporatzen dien jakitera. Bihar 09:30ean hasiko dira deklaratzen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurrean, iturri judizialek jakinarazitakoaren arabera, eta arratsaldera arte luzatuko da. Inkomunikatuta ez dauzkatenez, gehienez ere 72 ordura luza dezake Guardia Zibilak atxiloaldia. Gainera, dei baterako eskubidea dute atxilotuek, baina guardia zibilek berek deitu zieten senideei atxilotuta zeuzkatela esateko. Argazkian, atzoko manifestazioa Itzubaltzetan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!