Herrirako kideen atxiloketa salatuko du ostiral eguerdian euskal gehiengo sindikalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 2a, 17:24

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek Herrira herri-mugimenduaren aurkako operazio judizial, polizial eta mediatikoa arbuiatzeko eta, gaurdaino bezala, Herrirarekin izandako harremanei eutsiko dietela jakinarazteko agerraldia eman dute. Prentsaurrekoan mobilizazio bateratuak iragarri dituzte ostiral honetarako, urriak 4, eguerdiko 12etan lantoki eta herrietan. Horrenbestez, eskualdean, Erandio, Getxo zein Sopelako udaletxeen aurrean; eta Leioako Bulebarrean egingo dituzte ordu erdiko kontzentrazioak, Eskumaldeko LABek zehaztu duenez. Era berean larunbaterako deituta dagoen manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu dute: 17:30ean abiatuko da martxa, Bilboko Casillatik. Bitartean, gaur, 18:30ean, Etxe Merkean jarri du hitzordua Itzubaltzetako Herrira bilguneak, ostiral eta larunbateko mobilizazioak prestatzeko. Gaur ere manifestazioa izango da, 20:00etan, Kolas plazatik abiatuta. Algortako Herrira bilguneak deialdi horrekin bat egin du eta herritarrak bertan parte hartzera deitu ditu. Argazkian, atzoko manifestazioa Itzubaltzetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun