Urriaren 10era arte aukera izango dute gizarteko hainbat agentek (elkarteek, erakundeek, ikastetxeek, euskaltegiek… baita dendari eta ostalariek ere) Euskararen Aholku Batzordea berritzeko proposamenak aurkezteko epea, Getxoko Udalak zabaldu duenez. "Udalerriko gizartean erreferente diren pertsona eta euskararekiko sentsibilitatea duten pertsonek osatutako batzordearen lana hizkuntzarekin zerikusia duten gaiak lantzea da, bere erabilera eta ezagutzari lotutakoak, hizkuntza politika zaintzearekin eta Euskara Zerbitzuaren kudeaketa laguntzearekin batera", azaldu dute tokiko iturriek. Aholku izaera duen Batzordea Euskara Sustatzeko Ekintza Planak aurreikusten du eta hainbat lagunek osatzen dute. Hiru urte luzagarritarako aukeratuko dituzte partaideak, hain zuzen ere euskara planaren jardun-eperako (2013-2016). Imanol Landa alkateak aukeratuko ditu aholkulari horiek jasotzen diren proposamenen artetik datorren urriaren 20a baino lehen. Proposamenak Udaleko Euskara Zerbitzura bidali beharko dira (Foru kalea, 1) edo posta elektronikoz
euskara[abildua]getxo.net helbidera. Argazkian, Imanol Landa alkateak eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak aurkeztu zuten 2012ko maiatzean Getxoko euskara plan berria osatzeko sistema.