Manifestazioaren ostean, Oskar Sanchezen senideak, lagunak eta hainbat auzokide hasi dira prestatzen Madrilerako bidaia, nobedadeak ahalik eta gertuen ezagutzeko eta Sanchezekin egon ahal izateko. Horrekin batera, gazte itzubaltzetarraren amak mezua luzatu die plazan bildutakoei. Atzo bezala, eskerrak eman dizkie "egun zail hauetan" sendiak jaso duen laguntasuna, "babesa eta maitasunagatik". Harro agertu dira Oskarrekin eta "egundoko lagun eta lankide" dituela berretsi dute.
Bestalde, Aiert Larrarte abokatuak Euskadi Irratian hitz egin du eta adierazi du egoerarekin "kezkatuta", baina atxilotuak "ongi, atseden hartuta eta lasai" daudela. Oskar Sanchez Setien 24 urteko abokatu itzubaltzetarra astelehenean goizeko 10:30ak aldera atxilotu zuten Hernanin, Herrirak bertan duen bulegoan, bilera batean. Gauera arte han izan zuten, guardia zibilek lokala miatzen zuten bitartean. Egun horretako iluntzean, 620 lagunek eskatu zuten Sanchezen askatasuna Itzubaltzeta / Romon. Sopelan, Altzagan eta Astrabuduan ere mobilizazioak izan ziren, 70, 60 eta 25 pertsona batu zirela. Atzo, berriro ere Itzubaltzeta / Romon, 400 lagun batu ziren eta gaur beste 300.
Mobilizazioak
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek Herrira herri-mugimenduaren aurkako operazio judizial, polizial eta mediatikoa arbuiatzeko eta, gaurdaino bezala, Herrirarekin izandako harremanei eutsiko dietela jakinarazteko agerraldia eman dute gaur. Prentsaurrekoan mobilizazio bateratuak iragarri dituzte ostiral honetarako, urriak 4, eguerdiko 12etan lantoki eta herrietan. Horrenbestez, eskualdean, Erandio, Getxo zein Sopelako udaletxeen aurrean; eta Leioako Bulebarrean egingo dituzte ordu erdiko kontzentrazioak, Eskumaldeko LABek zehaztu duenez. Gainera arratsalderako zenbait mobilizazio izango dira eskualdean. Era berean larunbaterako deituta dagoen nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute: 17:30ean abiatuko da martxa, Bilboko Casillatik.
Deialdi batzuk
Osteguna, urriak 3
· Itzubaltzeta / Romo. Manifestazioa, 20:00etan, Kolas plazatik.
· Madril. Elkarretaratzea, 20:00etan, Puerta del Sol delakoan.
Ostirala, urriak 4
· Leioa. Elkarretaratzea, 12:00etan, Boulevard-ean.
· Neguri. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.
· Sopela. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.
· Erandio. Elkarretaratzea, 12:00etan, Udaletxearen aurrean.
· Itzubaltzeta / Romo. Mobilizazioa, 20:00etan, Kolas plazan.
· Leioa. Manifestazioa, 20:00etan, Boulevard-etik.
Larunbata, urriak 5
· Itzubaltzeta / Romo. Jende katea, 13:00etan, Kolas plazatik.
· Bilbo. Nazio manifestazioa, 17:30ean, Casillatik.
Gaurko manifestazioa argazkitan