Leioako EH Bildu: "Leioako EAJ, EB eta PSE eta Herriraren kontrako operazioa: Inkoherentzia, aitzakiak eta atzerapausoak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 3a, 18:22

Asteleheneko Herriraren kontrako operazioa salatzeko, Leioako EH Bildukook atzoko Udal Osoko Bilkurara urgentziazko mozio bat eraman genuen. Mozioaren helburu nagusiak operazio poliziala salatzea, atxilotuen askatasuna exijitzea, euskal presoen eskubideen aldeko lanaren zilegitasuna aldarrikatzea, Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak etetea exijitzea eta azkenik, Alderdi Popularrak Euskal Herrian bultzatzen ari garen bake prozesuaren kontra eginiko eraso politiko-judiziala salatzea izan ziren. Adostasun zabal bat lortzeko helburuarekin, aurkeztu genuen mozioa Bildu, EAJ eta Aralarrek Gipuzkoako Batzar Nagusietan adostutako testua izan zen. Gainera, aurreko egunetan EH Bildu Leioa helburu honi jarraituz, EAJ eta EBrekin batzartu eta hainbat testu trukatu genituen. Guk argi genuen operazio polizialaren kontrako erantzuna zabala eta guztien artekoa izan behar zuela eta geratutakoaren larritasunaren mailakoa: giza eskubideen alde lan egiten duten 18 kideren atxiloketa Guardia Zibilaren eskuetan egotea, egoitzen ixtea, EAren egoitzak jasandako oldartzea, web orrialdeen ixtea eta bake prozesuaren kontrako ekintza zuzena. Argazkian, Leioako Bilduko zinegotziak Herriraren kamisetekin.

Hala ere, nahiz eta Gipuzkoan adostu genuen mozioa aurkeztu, Leioako EAJ abstentziora jo zuen. Ustekabe galanta jaso genuen ez dugulako ulertzen zergatik Gipuzkoan onartzen dutena ezin duten Leioan edo Bizkaian onartu. Gainera, abstentziora joateko emandako azalpenak, suposatzen duten atzerapausoagatik, kezkagarriak iruditzen zaizkigu.

EAJ atzoko Osoko Bilkuran emaniko azalpenaren arabera, Herriraren kontrako operazioa salatzen dute, baina nahiago dute exijentzia eta kritikak ETAren jarreran kokatu eta Ezker Abertzaleari pausu gehiago eskatu. Erantzun honekin, Leioako EAJk berriro ETAren “aitzakia” erabiltzen du bere immobilismoa justifikatzeko, bai PSE eta PPk egiten duten modura. Gainera, hau ez da momentu honetan euskal gizarteak eskatzen duena eta bake prozesuan egindako bidean atzerapauso garrantzitsua da. Azkenean, EAJ eta EB abstentziora jo zuten.

Bestalde, Leioako PSEk izan zuen jarrera negargarritzat jo dezakegu. Rubalcabaren estiloa bere eginez beraien argudioak botere judizialaren “independentzian”, Auzitegi Nazionaleko epaileen azalpenen zain egotea, “zuzenbideko estatuan” duten konfiantzan eta alde bateko biktimen existentzia izan ziren. Beste herri batzuetan gertatu denaren kontra non PSE antzeko mozioekin abstentziora jo duten, edo alderdi honetako hainbat buruzagi operazio polizialaren kontra publikoki agertu diren, Leioan mozioari ezetz esan zioten eta emandako azalpenak lehen defendatu ohi zuten bake prozesuaren parametroetatik at kokatu ziren.

Azkenik, PPk Herriraren kontrako operazioaren aldeko jarrera sutsua egin zuen eta momentu batzuetan EH Bilduko zinegotziok modu mehatxakorrean seinalatu gintuzten bake prozesuaren alde esandako hitzengatik. Hala ere, islatu nahi zuten irmotasun plantak berez jarrera bat besterik da, jakin badakitelako euskal gizarteak gogor salatzen dituela beraiek bake prozesuaren kontra egiten ari diren sabotajeak hala nola Euskal Herriko eskubide zibil eta politikoen kontrako ekintzak.

Kronika honekin bukatzeko, Leioako EH Bilduko lau zinegotziok argi dugu euskal presoen eskubideen alde lan egiten jarraituko dugula eta horretarako Herriraren lana funtsezkoa dela. Aurrera jarraituko dugu baita Leioako Udala Euskal Herrian bizi dugun gatazkaren konponbidean eta bere ondorioetan eragile aktibo bihurtzeko. Atzo argi ikusi genuen zer-nolako bide luzea dugun egiteko. Hala ere bide hori kalean ibiliko dugu Euskal Herrian Euskal Presoen aldeko dagoen aldarri zabal eta handiarekin, bai ostiral honetan Leioan izango diren kontzentrazio eta manifestazioan, eta baina larunbat honetan Bilbon egingo den Manifestazio Nazional erraldoian.

Tantaz tanta Euskal Presoen Eskubideen alde!

Herrira aurrera!

Leioako EH Bildu
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun