“Herri segurtasuneko eta gai horretan indarrean dagoen araudi nagusiko irizpideak aintzat hartuta, arazo honetan biltzen diren interes desberdinen arteko oreka bilatzeko ahalegina egingo dugu, Gobernu-talde honen 2011-2015eko Legegintzaldi Planean jasotako erantzunarekin bat etorrita. Hau da, alde batetik, gazteek elkartzeko eta harremanetan jartzeko leku bat izateko duten eskubidearen eta, bestetik, auzotarren atsedena eta bizi-kalitatea errespetatu beharraren arteko oreka bilatu nahi dugu”, adierazi dute udal gobernu-taldetik.
Ikerketaren prozesuak dirauen bitartean, gazte-lonjekin zerikusia duen guztia "era koordinatuan konpontzen" ari da, Udaleko zenbait arloren artean, "arazoan nahastuta dauden agenteen interesak oso bestelakoak direla jakinda", azaldu dutenez.
Udal Gobernu-taldeak Getxoko gazte-lonjen egoerari buruzko azterlana agindu du, urte amaierarako amaituta egongo dena. Ikerketan, lonjen errealitateari buruzko informazio ahalik eta zehatzena jaso beharko dute, etorkizunari begira, gai horren inguruan izan litezkeen jardunbideak finkatze aldera, tokiko arduradunek zehaztu dutenez. Azterketa modu irekian egin beharko dute, hau da, era guztietako lonjak barne hartuta, horiek erabiltzen dituzten pertsonen adinaren zein lege-egoera, erabilera, eta abarren ikuspegitik. Ondoren, eta ikerketaren ondorioei jarraituz, udalerrian gazte-lonjen inguruko fenomenoaren errealitatearentzako alternatiba desberdinak aztertuko dituzte. Halaber, bitartekaritza lana egingo da "nahasita" dauden alderdiak –gazte, lonjen jabe eta auzokideak– elkarren artean konpon daitezen. Argazkian, 2010eko apirilaren 15ean udaltzainak agertu ziren Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalean, bertoko lonja batean obrak egiten ari zirela eta.