"Wanted" gazteentzako ideien lehiaketa abian jarri du berriro Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 4a, 17:16

Getxoko Udalak “Wanted” ideia lehiaketaren bosgarren edizioa jarri du martxan, udalerriko gazteen ekimenak bultzatzeko programa, hain zuzen. Lehenengo aldiz, deialdia Gazteria Zerbitzuak eta Getxolan-Ekonomia Sustapenerako eta Enplegu Zerbitzuek batera finantzatu dute, bereziki, ekintzailetzarako gaitasunak sustatuko baititu, tokiko arduradunek zehaztu dutenez. Interesatuek urriaren 7tik 24ra bitartean proiektuaren zirriborro bat aurkeztu beharko dute, deialdiarekin batera onetsi den gidoiari jarraituz. Horren ondoren, talde sustatzaile guztiak lan saio batera gonbidatuko dituzte proiektuei buruz hausnartu eta, behar izanez gero, proiektuak berriro egin eta hobetzeko. Aurreko edizioetan bezala, esku-dirutan emandako sariez gain, 500 eta 10.000 euro artekoak, irabazleei beste era bateko laguntza ere eskainiko zaie, esate baterako, aholkularitza profesionala, orientazioa, formakuntza, eta abar. Argazkian, "Getxoberpiztu!" izeneko proiektuaren sustatzaileek irabazi zuten iaz lehiaketa / © Getxoko Udala.

Koldo Iturbe Gazteria zinegotziak gogoratu duenez “'Wanted' lehiaketaren helburua da udalerriko gazteei buruan denbora batez izan baina, beharrezkoak diren baliabideen faltagatik, gauzatzen inoiz ausartu ez diren proiektuak martxan jartzeko, behar diren laguntzak ematea. Baliabideen kudeaketa ikastea eta martxan jartzea, arazoak taldean konpontzea, erabakiak hartzea edo ingurunea aztertzen ikastea dira, besteak beste, “Wanted” programaren egitasmo nagusia”.

Iturbek zehaztu du “Wanted” ez dela auntoenplegurako programa: “Bilatzen dena ideiak dira eta eskaintzen dena horiek gauzatzeko aukera. Proiektuak sustatzen duen programa bat da eta, beraz, ekimen guztiei zabalik egongo da, jarduera ekonomikoa sortzea baldin badute helburu edo ez”.

2009an sortu zenetik, eta 2012ra arte, 29 proiektu aurkeztu dira. Heren batek baino apur bat gutxiagok, euren sustatzaileentzat jarduera ekonomikoan bihurtzeko nolabaiteko bokazioa zuten: edo enpresa proiektuak ziren jada edo berandu baino lehen horretan bihurtzeko aukera asko zituzten. Proiektu horietako zenbait enpresak dira gaur.

Wanted Lehiaketa 2013

Lehiaketa, ideia edo proiekturen bat duten 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzat eginda dago eta bere xedea hori gauzatzeko baliabideak eskaintzea da. Lehiaketan aurkeztu beharreko gaiei dagokienez, denak, edo ia denak, balio du: beraz, honako proiektu mota hauek aurkez daitezke: antzezlan txikiak, performanceak, film laburrak egitea, erakusketak, enpresa proiektuak, edozelako lehiaketak antolatzea, udalerrirako interesgarriak izan daitezkeen web orriak, blogak, etab. egitea, aisialdi jarduerak, hala nola ikastaroak eta tailerrak, gizarte arazoetan sentiberatzeko proiektuak, euskararen erabilera sustatzeko proiektuak, hitzaldiak bezalako dibulgaziozko proiektuak, eta abarrekoak. Hau da, orotariko proiektuak, berriak izan ala ez, baldin eta gure herriaren gizarte, ekonomia edo kultura aberasten badute.

Deialdiaren oinarriak Herritarren Arretarako Bulegoetan, Getxolanen bulegoetan, Gazte Bulegoan (bertan informazio osagarria emango da) edo www.getxo.net web orrian daude. Informazio gehiago 944 660 353 telefono zenbakian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun