Atzo (larunbatean) Bilbon erakutsitako indarra aitatzen duzu, eta Herrirak egindako lanaren zilegitasuna aitatzen. Ados. Ezin itsuarena egin argazki urdin erraldoiaren biharamunean... Indar hori aste osoan zehar joan da jariatzen, marea handi bihurtu arte: kultura, kirol, politika, sindikalgintza eta gizarteko arlo guztietako pertsonak eta taldeak tanta izan dira. Tartean, herri eta auzoetan, ez dira gutxi izan elkarretaratze eta abarretan parte hartu izan duten herritar jeltzaleak. EAJren zuzendaritzak, ostera, nahiago izan du albotik begiratu. Nahiz 2013ko urrian edonorentzat ulertezin eta salagarri izan askatasun demokratikoen kontrako eraso bortitz hau, EAJren zuzendaritzak nahiago izan du Ertzaintza Guardia Zibila eskoltatzera bialdu, herriaren gehiengoaren sumindurarekin bat egitea baino.
Urkullu lehendakariak, Ortuzar EBBko buruak eta orain zuk zeuk ekidistantziaren jolasean aritzea nahiago duzue antza, zintzotasun tanta barik. Ekidistantzia hori, ostera, faltsua da 2013ko urri honetan, Aietetik eta ETAren behin betiko amaieratik bi urte luzera. Ekidistantzia horrekin bide ematen diozue PPri egunero presoen eskubideak urratzen jarrai dezan, eta edozein egunetan Herrira-rekin gertatu moduan beste edonorekin, edozerekin ere, suntsiketa antidemokratikoa egin dezaten. Zintzotasun eta ausardia tanta bat, mesedez Itxaso. Utziozue behingoz estatu faxista honi babesa emateari.
Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidea Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteari erantzunez.