Horrekin batera, udal sare osoak erantzun koordinatu eta bakarra izan dezan lonjen egoeran, inplikatuta dauden atal nagusiekin adostutako protokolo bat egingo da. "Esku hartuko dugu, baita ere, alderdien artean gatazka sortzen duten egoeren aurrean", zehaztu dute Udaletik. Azkenik, bigarren fase horrekin, udal ekitaldietan nerabeen parte hartzea dinamizatzen saiatuko dira, eta Udalaren eta gazteen arteko komunikabideak bideratu. "Lonjetan dauden pertsonak dinamizatzea gazteek eurek eskatu dutelako da, dibertimendua sustatzen duten aisialdi aktibitateak eskatzen baitituzte. Hori bat dator lonjen erabilera egokia ikustarazteko interesarekin, eta sormena potentziatzearekin, topaketak, lehiaketak edota aktibitateak antolatuz", azaldu dute tokiko agintariek.
Lonjen eta erabiltzaileen profila Leioan
Gehienak herrigunean daude (%86,30). Kasu gehienetan, 18 eta 25 urte bitarteko eta sexu bietako 6 eta 10 pertsona bitartean egoten dira. 2 eta 4 urtez (%30) daramate lonja horiek erabiltzen. Normalean, astean zehar joaten dira 23:00ak arte (%51,72), eta asteburuetan, goizlaldeko ordu biak arte (%75,86). Kontratua dute (%74,4) eta asegurua (%60,34), eta batez beste, 350 euro ordaintzen dute. Ura, argia eta komuna daukate, baina ez daukate ez sukalderik ezta su-itzalgailurik ere. Aireztatzea eta airea berriztatzeko mekanismoak onak dira. Espazio zabal eta lasaiak dira, higiene egoera onean.