Prentsa ohar baten bidez, udal funtzionamenduan sakoneko aldaketak egiteko EAJren proposamenari buruzko iritzia plazaratu du Barrikako EH Bilduk. Aldi berean, "El Correo Español" egunkarian urriaren 3an kaleratutako informazioei buruzko zenbait argipen egin nahi izan dituzte independentistek. Besteak beste, EAJk proposamena egiteko erabili dituen moduak "iraganera garamatzala" uste du EH Bilduk. "Funtzionamenduan aldaketa sakonak eragingo dituen proposamenak zuzenean osoko bilkuran proposatu ditu. Gainontzeko talde politikoei proposamenen berri izan eta informazio batzordean eztabaidatzeko aukera ukatu zaie", kritikatu dute ezkertiarrek. Horrela, agintaldi hasieran Udalaren bi herenek (7 zinegotzik) adostutako sistema "deuseztatu" nahi izatea leporatu diete jelkideei; "hain zuzen, zinegotzi guztiek ordezkaritzaren bat bermatua zuten sistema".
Edukiari dagokionez, Barrikako EH Bilduk salatu duenez, "EAJk bere burua izendatu nahi du erabateko udal kudeatzaile bakar gisa. Ordezkaritza kargu guztiak bere gain hartu eta informazio batzorde eta osoko bilkuren zikloa luzatu nahi du". "Modu horretan, EAJk legealdi hasieran adostutako parte hartze eta gardentasun oinarriak deuseztarazi nahi ditu. Proposamen honen bidez, gainontzeko zinegotziei informazioa eskuratzeko zailtasunak ezartzen zaizkie, baita udal erabakietan parte hartzeko aukerak mugatu ere. Era berean, Barrikako auzoetako herritarrek parte hartu ahal izateko guneak murrizten ditu", gaineratu dutenez.
Jarrera horren aurrean, EH Bilduk orain arte zabaldutako udal kudeaketa eredua "arriskuan" ikusten du: "Udalean parte hartzeari zabaldu zitzaizkion espazioak kolokan daude orain: asanbladak, jai batzordeak, elkarteekiko batzarrak... Aldi berean, ez dago bermatua hirigintza planaren (HAPO) lanketa era irekian eta interes partikularren gainetik egingo denik. Jeltzaleek egindako “jake” berri honek atzera pauso itzela da Barrikako udal kudeaketa osoan", koalizioaren iritziz.
Atzera pausoa
Egoera horren aurrean, "atzera pauso" horrekin, "udal botere eta informazio guztia talde bakar baten esku" utzi nahi dela salatu du EH Bilduk. Bestalde, Barrikan EAJ erakusten ari den "seriotasun eta konpromiso eza" mahaigaineratu dituzte ezkertiarrek. "Legealdi hasieran EAJk gardentasuna, elkarrizketa eta adostasuna aipatu eta zin egin zituen. Orain, proposamen berri honen bidez, bere hitz jan eta udal lanketatik deuseztatu nahi ditu balore horiek", diotenez. EH Bilduk argi du "kudeaketan sentsibilitate ezberdinak integratuta Udalak askoz ere zerbitzu hobea ematen diela herritarrei". Gainera, bere ustez, "kudeaketa askoz anitzagoa lortu da. Informazioa askoz hobeto zabaltzea bermatu da eta EAJren eredu presidentzialistak oztopatu egingo du hori. EAJren eredua gobernua/oposizioa dikotomiara bueltatzen da. Eredu honetan ez da lankidetza eta elkarlana bilatzen, baizik eta kontrakoa: norgehiagoka politikoa, eta alderdi interesen defentsa".
EH Bilduk ez du uste "bakarrik gobernatzea ezberdinen artean egitea baino hobea denik". "Sekulako arduragabekeriatzat" jo du koalizioak EAJk 3 zinegotziko ordezkaritzarekin gobernu osoa eta kargu guztiak bere gain hartzea. "Legealdia amaitzeko bi urte geratzen diren honetan herrirako kaltegarria izango da", aipatu dutenez. Azkenik, Barrikako Udalaren "demokratizazio eta irekiduran", EAJren proposamenari "atzera pausoa" deritzo EH Bilduk. Horregatik, Barrikan "gardentasun osorantz, ezberdinen arteko elkarlanerantz eta herri botererantz urratsak egingo dituen ereduaren alde lanean jarraitzeko asmoa" adierazi du.