Bihar amaituko dute Eskabetxe planta eraisten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 8a, 01:44

Plentzia itsas-hiribildua bere iragan industrial eta arrantzalea ahazteaz hurbilago dago egun. Izan ere, auzokideen tristura eta harridura aurpegien aurrean eta bideo-kamera eta argazki-makinen artean, hainbat beharginek Arruza eta Konpainia enpresaren eskabetxe planta botatzeari ekin diote gaur, 14:30etik aurrera. Lantegi "plentzitarra"-k, 1884ko ekainaren 6an baimena eskuratu eta gutxira ezagutuko zuten moduan, ez ditu datorren urtean beteko lituztekeen 130 urteak egingo, nahiz eta herrian zabaldu ziren lau eskabetxe plantetatik zutik gehien iraun duena izan. Gaur etxebizitza lez erabiltzen zen gunea bota dute eta bihar arrainak ozpinean marinatzen elikagaia kontserbatzen zen pabilioiari helduko zaio unea, Espainiako Ingurumen Ministerioak aginduta. Halere, ezin izango da esan plentziarrak euren arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak direla. Gaur, auzokide batek tartetxo batez gelditu ditu lanak, bota behar zuten teilatuaren pean jarriz, udaltzainek orubetik atera arte. Era berean, atzo, igandearekin, Eskabetxeria SOS hiri kontseiluak deituta, 150 lagunek (Plentziako erroldaren %3 inguru) jende katea egin zuten kaxkartuta zegoen eraikina zaharberritu eta itsasoari lotutako erabilpen publikoren bat emateko eskatuz, orain 23 urte aurreikusi zen bezala. Aurreko egunotan ere, Josune Ariztondo foru Kultura diputatuarekin zein Ministerioarekin ere harremanetan jartzen saiatu ziren, Plentziako Udalbatzak haien eskaerei muzin egin ondoren.

Eskabetxeria SOS plataformak eta EH Bilduk penatuta agertu dira gaur gertatutakoarekin, Plentziak bere kultura ondarearen eta historiaren zati garrantzitsu bat galdu duelakoan. Euzko Alderdi Jeltzaleak, ordea, gaurkoaren erruak banatu ditu EH Bildu eta Talde Independientearen artean. Lehenengoei "populismo finaz eta demagogia kalkulatuaz" jardutea leporatu diete jeltzaleek, eraikina salbatzerik ez zela "jakin arren" Eskabetxeria SOS antolatu dutelakoan. Hori alde batera utzita ere, lantegiaren balorea auzian jarri eta krisialdi garaian eraikina zaharberritzeko dirurik ez dagoela ziurtatu dute EAJk eta EGIk. Haien ustez, Udalak ez zeukan aferan zer egiterik, baina, halere, "auzia guztiz usteldu arte" sekretismoz jokatzea aurpegiratu diete Isamari Zarauza alkate independenteari eta bere Udal Gobernuari. Izan ere, denboraz jokatu izanez gero, eta "guztion artean", Ministerioaren jarrera aldatzeko aukera bazegoela diote jeltzaleek.

129 urte

1884an Estatu espainolak emandako konzetsioa aldatu eta bertan etxebizitzak egiteko eskatu zion Arruza eta Konpainia enpresak Bigarren Errepublikako Gobernuari 1935ean. Madrilek ezetza eman zion. Aldiz, 1990ean, Ministerioak EAEko administrazioari utzi eraikina, portuaren azpiegiturak handitzeko. Baina, Eusko Jaurlaritzak ez zuen proiektua abiatu eta 17 urte beranduago ardura Madrilera bueltatu zen. 2010ean, Estatuak bertan behera utzi zuen Arruza eta Konpainia enpresari mende luze batez emandako baimena. Pasa den maiatzaren 31n, Ministerioak etsipena eman zion jabegoari, kostaldea zaintzeko argudioa erabiliz. Zortzi eguneko aldia zabaldu zen alegazioak aurkezteko, baina hortik ez zen konponbiderik sortu. Gaurko zaurien ostean, bihar eraikinaren azken eguna izango da. Ondoren, ikusi beharko da parkea ala parkina egingo den.

Eskabetxeriaren eraispena argazkitan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun