Leioa eta Erandioko campuserako bidean sortzen diren trafiko arazoak direla eta, Ander Feijóo EHUko
Ikasle Kontseiluko presidenteak argi utzi nahi izan du gai horrek "lehentasuna" duela eta lanean jarraituko dutela soluzioak bilatu eta zerbitzuak hobetzeko. Lehengo urtean okupazio altuko ibilgailuentzat aparkalekua lortu ondoren, aurten partekatutako garraioaren apustu sendo eta tinkoa egiteko asmoa du Kontseiluak, bai ikasle, ikertzaile eta administrazio langileen artean. “Horrelako ekimenekin soilik lortuko dugu kotxe ilarek dakarten arazo ezberdinei aurre egitea”, Feijóok azaldu zuenez. Horren harira, ibilgailu mota horientzat aparkaleku plaza eskatzeko epea ireki dela gogorarazi du Kontseiluko buruak. Amaitzeko, jasangarritasunaren aldeko eta ingurugiroa zaintzeko deialdia egin du ikasleen ordezkariak: garraio publikoa ez ezik, “poluzio maila eta energia kontsumoa jaisteko ekimenak babestuko dituela” baietsi du. Argazkian, autobusak Leioako campusean /
cc-by-nc-sa jmendicute.