Udal Euskaltegirako euskara irakasleen lan-poltsa sortu dute lehen aldiz Sopelan. Udaleko erakunde autonomo hori 1986an sortu zen, eta lehen aldiz izango du irakasleak kontratatzeko lan-poltsa propio bat, beste herrietako lan-poltsetara jo gabe. Horrek irakasleen kontrataziorako irizpide gardenagoak izatea ahalbidetuko du. Lan-poltsa horren bidez Udalak irakasleak kontratatzeko aukera izango du, unean uneko eskariari aurre eginez eta bajan dauden irakasle titularrak ordezkatuz. Hautaketa-prozesua lehiaketa bidezkoa izango da. Onartuak izateko eta lehiaketan parte hartu ahal izatekotan, honako baldintzak beharrezkoak izango dira, besteak beste: diplomatura baten jabetza izatea edo titulu baliokidea, 4. Hizkuntz Eskakizuna edo horren baliokidea izatea (3. Hizkuntz Eskakizuna, EGA titulua edo horren baliokidea dutenek ere izena eman ahal izango dute) eta abar. Eskaerak Udal Euskaltegiko idazkaritzan edo Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dira urriaren 14a baino lehen (barne). Argazkian, "Euskaraz bizi nahi dut" kanpainaren barruan, herri lasterketa egin zuten irailaren 22an Sopelan / © Sopela.net.