Espainiako Wert ministroak LOMCE (Ley Orgánica para la Mejora de la Calidad Educativa) lege-proiektuaren berri eman zuenetik, eztabaida bizia sortarazi da hezkuntza eragile eta komunitatearen barruan. Denetariko hitzak erabili dira hezkuntza molde berriekin arautzera datorren lege egitasmoa kalifikatzerakoan: zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea, elitista... Euskal Herrian begi bistakoa da LOMCE lege-proiektuak sortarazi duen aurkakotasun zabala. Horren erakusgarri, larunbat honetan, urriak 12, Bilbon, Hezkuntza alorreko eragile eta erakunde anitzek deituriko nazio mobilizazioa, "LOMCEri ez!, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki!" lelopean burutuko dena. Hori dela eta, eta lege egitasmo horren ezaugarriak eta inguruabarrak ezagutarazteko asmoz, Erandioko Ernaik hitzaldia antolatu du ostegun honetarako, hilak 10, euskal hezkuntza sisteman lege proiektu horrek izan ditzakeen ondorioez eta legearen aurreko ikuspuntuez gogoeta zabaltzeko. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Kalezulo gaztetxean. Argazkian, 2012ko abenduaren 13an, Kontseiluak agerraldia egin zuen Bilbon, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak aurkeztutako lege proposamena salatu eta ikasle euskaldunak sortuko dituen hezkuntza sistema bakarra aldarrikatzeko / © Kontseilua.