Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragileak ekimena egin du gaur Iruñeko Printzearen Harresi haur eskola zaharrean, heldu den larunbatean (urriak 12) hezkuntza eragileek deituta Bilbon egingo den mobilizaziora deitzeko. Gogoratu duenez, bi urte pasa dira Udalak Arrosadiako Printzearen Harresi haur eskola itxi eta eraikin berria zabaldu zuenetik. "Haur eskola berria eredu erdaldunaren baitan dago. Berdina gertatzen da Iruñean dauden beste hamar haur eskolatan. Orotara 13 daude. Txantrean kokatzen diren bi, euskaraz. Beste auzoetan zehar barreiatutako guztiak, erdaraz, gazteleraz zein ingelesez", salatu du EHEk. “Guk, eskola euskalduna!” dinamikaren baitan kokatutako ekimen horrekin ikasleak euskaldunduko dituen eta euskal curriculumaren baitan heziko dituen eskola euskalduna eraikitzearen beharra azpimarratu nahi izan du eragile euskaltzaleak. Baita "LOMCEri ez!, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki!" lelopean egingo den nazio manifestaziora deitu ere. Argazkian, EHEk gaur Iruñean egindako protesta / © EHE.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!