Etxerat elkarteak ohartarazi du abokatuek ez dutela inolako jakinarazpenik jaso 197/2006 doktrinaren inguruan Estrasburgoko Auzitegiak hartuko duen erabakiaren inguruan eta "are gutxiago ebazpena zer nolakoa izango den dioenik". Izan ere, besteak beste, "La Razon", "ABC" eta Ser kateak zabaldu dute Estrasburgok "Parot doktrina" bertan behera utziko duela gutxira, eta horrek euskal preso politiko askoren berehalako askatasuna eragingo lukeela. Etxeratek, ordea, ez die inolako sinesgarritasunik ematen filtrazio horiek kaleratu dituzten hedabideei: "badakigu zein ildo editorial jarraitzen duten, eta bai 197/2006 doktrinaren alde eta euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurrien alde egiten dute beti". "Eta gainera, PP-ko gobernuak eskatu bezala, beraien baliabideak erabili dituzte presio egiteko eta honela Estrasburgoko ebazpena Espainiako gobernuaren aldekoa izateko. Filtrazio hauen inguruko balorazioren bat egin beharko bagenu, honakoa izango litzateke: honakoa alarma soziala sortuz, Estrasburgoko Auzitegia presionatzen saiatzeko kanpaina bat dela", salatu du preso politikoen senideen elkarteak. Argazkian, maiatzaren 4ean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarra zen kalera ateratzekoa, 197/2006 doktrina aplikatu aurretik / cc-by Algortako Herrira.