Astrabudua eta Gobela arteko metrorik ez da egongo asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 9a, 17:36

Udondoko Dow Chemical lantegia zeneko zubia eraisteko aurreikusita dagoenez, tren-zirkulazioa behin-behinekoz eten egingo dute asteburu honetan, Astrabudua eta Gobelako geltokien artean, Metro Bilbao garraio enpresak jakinarazi duenez. Zehazki, larunbatean, urriak 12, 06:00etatik, igandean, urriak 13, 24:00etara arte. Aipatutako bide zatian (Astrabudua-Gobela) tren zerbitzuaren ordez autobus zerbitzua jarriko dute, jaiegun eta igandeetan trenek duten maiztasun berberarekin, hau da, egunez 10 minuturo (8:30etik 23:30era), eta gauez 30 minuturo (23:00etatik 8:30era). Halaber, bi trenen ordutegia aldatuko dute larunbatean: San Inazio eta Plentzia arteko trena 05:59an irtengo da, 06:00etan beharrean; eta Etxebarri eta Plentzia artekoa 05:54an, 06:06an beharrean. Argazkian, Lamiako erdialdea lantegiak bota ostean / © Leioako Udala.

Autobusen geralekuak honakoak izango dira:

- Astrabuduan, Itsasadarreko errepidean, metro geltoki parean, Sasyma aurrean.

- Leioan, metro geltokiaren irteeran, parking-aren alboan.

- Lamiakon, Bizkaibusen geralekuetan, Langileria kalean.

- Areetan, osasun etxe alboan eta Bizkaiko Zubian.

- Gobelan, Negubide kalean, metro geltoki parean.

Leioa geltokian dagoen aparkalekua irekita jarraituko du egun hauetan, eta gainera doakoa izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun