Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean, eta 29 eta 32 urteko beste bi gizoni delitu bana egotzi die Lemoizko zentral nuklear zaharrean kableak lapurtzen ari zirelakoan harrapatu ondoren. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, gauerdiko hamabiak eta gero, instalazioetako zaintzaileak gizonezko bat eskuburdinez lotuta zeukala jakinarazi dio Ertzaintzari, esparruaren barruan kableak lapurtzen harrapatu ostean. Polizia autonomikoaren patruila bat bertaratu da, eta 30 urteko gizonezko bat atxilotu du; aurretik hiru atxiloketa gehiago zituen lapurretagatik. Ertzainek motxila bat atzeman diote; barruan hainbat tresna ei zeuden, antza denez lapurreta egiteko. Era berean, esparruaren barruan, hormaren ondoan, 17 kable-bilkari ere topatu omen dituzte, bakoitza hogei kilo ingurukoa. Ertzaintzaren beste kide batzuek zentralaren inguruak miatu dituzte gaizkideen bila, eta bi gizonezko aurkitu dituzte –29 eta 32 urtekoak– furgoneta baten barruan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!