2014rako proposamenaren irizpide orokorra hori izan bada ere, salbuespen batzuk daude:
⁃ Ibilgailu mekanikoen gaineko zergan, zilindrada handiko autoentzako %4, %5 eta %6ko igoera proposatzen da, orain arte Foru Aldundiaren irizpideekiko azpigrabatuta egon baitira. Zilindrada ertainekoentzako izoztea proposatzen da, gaingrabatuta daudelako.
⁃ Zarama bilketa tasaren kasuan, tasa honek ez du estaltzen zerbitzuaren koste osoa, 130.000 euroko defizita dauka Udalak arlo honetan. Gainera, 2013an tasa horrek ez du igoerarik izan eta zerbitzuak aldiz bai. Horrez gain, udal gobernuak epigrafe batzuk gaingrabatuta daudela uste du (denda txikiak) eta beste batzuk (etxeak eta negozio handiak) azpigrabatuta. Horrenbestez, udal gobernuak zera proposatzen du, merkatari txikiei tasa izoztea, gainontzekoei bi urteko KPIa aplikatzea eta zenbait negoziori, jasotzen duten eta ordaintzen dutenaren artean defizit handiena duten negozioei, portzentaje horretatik gora igotzea.
⁃ TAOren tasa 10 zentimo igotzea proposatu du 30 minutuko tarterako.
⁃ Lehen okupaziorako lizentziaren tasa (etxe berri bat egiten denean bizitzera sartzeko egin behar dena) inguruko beste udalerri batzuetakoarekin parekatzea proposatzen da.
⁃ Sopelbuseko prezioak bere horretan mantentzea proposatzen da.
Egutegia
Udal gobernuak 2014ko udal zergak, tasak eta prezioak eta Udal Aurrekontu Orokorra onartzeko egutegi bat proposatu zien taldeei irailaren 17an tokiko agintariek adierazi dutenez. "Irailaren 25ean egutegia aztertzeko bildu ziren udal taldeak eta ez zen inolako aldaketarik proposatu", zehaztu dutenez. Egutegi horren arabera, urriaren 30ean aurrekontuen parte hartze prozesua hasiko da eta abenduaren 17an eztabaidatuko da osoko bilkuran 2014ko Aurrekontu Orokorren Proposamena.
Horrez gain, irailaren 17an udal gobernuak zerga, tasa eta prezio publikoen egoerari buruzko informazio eman zien udal talde politikoei Informazio Batzordean eta, bide batez, 2014ko zerga, tasa eta prezio publikoei buruzko proposamenak jasotzeko prest zegoela adierazi. "Oposizioko udal taldeen proposamen zehatzik jaso ez bada ere, udal gobernuak, adostutako egutegia betez, urriaren 4an, ostiralean, igorri zien gainontzeko alderdiei 2014ko udal zergen, tasen eta prezio publikoen proposamena. Atzo, urriak 8, gai honi buruz hitz egiteko bilera egin zuten lau udal talde politikoek", azaldu dute Sopelako Udaletik.
Bileran gaiari buruzko hainbat iritzi eta zalantza jaso ziren, "baina oposizioak ez zuen proposamen zehatzik aurreratu". Adostutako egutegiaren arabera, udal taldeek urriaren 16ra arteko epea daukate udal gobernuari proposamen zehatzak bidaltzeko, datorren urteko zergen, tasen eta prezioen proposamena Informazio Batzordera bideratu aurretik. Nolanahi ere, adostutako egutegiaren arabera, urriaren 29ko Osoko Bilkurara eramango da gai hau eta ordura arte izango dute taldeek adostasunak lortzeko epea.