Bi asteburuz luzatuko dira Getxoko Antzerki Jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 9a, 18:51

Urriaren 12tik 20ra, bi asteburuz, Getxo udalerria euskal antzerki-ekoizpenaren erakustoki bilakatuko da 31. Antzerki Jardunaldien eskutik. Aurten genero guztien eta publiko mota guztientzako zortzi antzezlan eskainiko dituzte beste horrenbeste antzerki taldek, Getxoko Kultur Etxeak zabaldu duenez. Programatutako zortzi lanetatik bost haurrei zuzenduta daude; bi, helduei, eta azkena, adin guztietako publikoari. Kaleko ikuskizunak Algortako San Nikolas plazan antzeztuko dira eta, gainerakoak, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Helduentzako eskaintza "Terapias" eta "Emaztegaiaren semea" lanek osatzen dute. Lehenengoa psikoanalisia, maitasuna eta sexuaren inguruko muntaia dibertigarria dugu. Bigarrenak erabateko krisian bizi den gizon baten istorioa dakarkigu eta umore sentsu ikaragarria azaltzen du elkarrizketa dramatikoetan ezkutatuta. Haurrentzako egitarauari dagokionez, aurten gaztetxoek hiru kale antzezkizunez gozatzeko aukera izango dute: "Hankapalu" piraten abentura, "Txarlestrup" zirku eta musika lana eta "Txangoa" pailazo ikuskizuna. Halaber, "Bueltaka" eta "Katillukadak" txotxongilo ikuskizunak ere egongo dira. Azkenik, aurtengo jardunaldien eskaintza "Vive soñando" adin guztientzako lanaz osatuko da. Kale lan horrek eskarmentu handiko bi komikoren pasadizoak ditu ardatz nagusi. Argazkian, "Katillukadak" (Kontakatilu) antzezlanaren irudi bat / © Getxoko Kultur Etxea.

Ikusle guztien gustuko antzezlanak, horien adina edozein dela, eskainiko ditu jardunaldien egitarauak. Hori dela eta, aniztasuna eta lanen kalitatea izango dira, berriro ere, Jardunaldiek proposatzen dituzten antzezlanen ardatz nagusia. Programa anitza da: helduentzako eta umeentzako antzezlanak, genero eta gai askotakoak, euskarazkoak nahiz gaztelerazkoak. Italiar erakoa, kale antzerkia, komediak eta dramak, txotxongiloak eta pailazoak. Denetarik aurkitu daiteke jardunaldien programazioan. Aniztasun horri esker ikusle guztien gustu eta nahierak ase ahalko dira.

"Ohikoa denez, ekitaldi horren helburu nagusia da urtez urte euskal antzerki konpainiek egiten duten ahalegina eta lana erakustea", aipatu dute Getxoko Kultur Etxetik.

Sarrera salmenta

Ohi bezala, Andrés Isasi Musika Eskolako saioak ordaintzekoak izango dira eta gainerakoak, doakoak. Sarrerak salgai daude Kutxabanken orotarako kutxazainetan, 944 914 080 telefono zenbakiaren bidez, www.kutxabank.es webgunean eta Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun