Ostegunean hasiko den 35/02 sumarioaren gaineko epaiketari "gaitzespenik sendoena" adierazi dio gaur, prentsa ohar bidez, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ). Besteak beste, 18/98 eta Euskaldunon Egunkaria auziak gogora ekarri dituzte jelkideek, "hasiera hasieratik oinarri juridiko-penalik gabeak" direlako. "Prozesu hauen sorburu eta garapenean nagusi izan ziren asmo eta inspirazio politikoa. Prozesu hauek justiziaz kanpoko irizpideek markatu zituzten, besteak beste, nahita gainditu zen erakunde terrorista barruan egoteak eta harekin lankidetzan jarduteak duen esanahia, horretarako probarik egon gabe. Auziperatuei ETAko kide izatea edo harekin lankidetzan aritzea egotzi zitzaien, hori esateko argudio bakartzat lege barruan garatzen diren jarduera kulturalak, prentsa lanak edo politikoak erabilita, eta dena ETAren mende zegoela ezarriz", adierazi du EAJk. Ostegun goizeko 10etan, hasiko dira epaitzen ezker abertzaleko 40 kide Espainiako Auzitegi Nazionalean, "herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Izaskun Barbarias urduliztarra. Hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta dago sumario honetan. Aipatu lau lagunei zortzi urteko espetxe zigorra jarri nahi diete. Aurretik, astelehenean, urriak 14, Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra epaitzen hasiko dira Madrilen, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Hala ere, auzi horri buruz ez du ezertxo ere aipatu EAJk. Argazkian, hilaren 15eko estropadetan eskuorriak banatu zituzten Libre Getxon ekimeneko kideek / cc-by Libre Getxon.