Astelehenetik (urriak 14) aurrera, Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Horretaz gain, urriaren 17an abiatuko dute "herriko tabernen" auzia: 36 akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Izaskun Barbarias urduliztarra. Hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta dago sumario honetan. Epaiketa biak salatzeko, bihar, ostirala, elkarretaratzea egingo dute Algortako Telletxe plazan, 20:00etan,
Libre Getxon ekimenak jakinarazi duenez. Larunbat eta iganderako, berriz, egun laranja deitu du Ernaik, herrian zehar. Argazkian, irailean Libre Getxon ekimenak egin zuen azken ostiraleko deialdia / cc-by Algortako Herrira.