
Iñaki Garitaonaindia "Gari" euskal musikari ezaguna Sopelan izango da ostiralean. Bertako udal iturriek zabaldu dutenez, legazpiarrak Kurtzio kultur etxean arituko da, 21:30etik aurrera, "Ez da amaiera" bere bakarkako ibilbidean ekoiztu duen zazpigarren lana aurkezteko. Diskoa udaberrian estreinatu zuen, lau urtez iraun duen zeharkaldi sakonaren ostean. Alde pertsonal eta musikalean sakonak izan dira lau urte horiek eta disko horretan, berriro ere, artistak saiakerak egin ditu bai konposaketa bai musika mailan. Lana ausarta eta garaikidea da. Hertzainak taldearen garaiaren aurretik agertokietan dabilen kantaria izanik, Garik maisu baten gisa menderatzen du oholtza, eta publikoarekin, aldi oro, hari sendo bat sortzen du, harengandik hurbil sentitzeko. Gari, batez ere, agertokietako animalia baita. Horregatik, albuma zuzenekoetan handitzen da, eta bere musikaltasun eta antzezpenak, proposamen ezberdina eta oso erakargarria sortzen dute. Sarrerak salgai daude jada udaletxean, Larrabasterrako Sopelarin bulegoan eta Kurtzio kultur etxean, sei euroren truke. Argazkian, Gari / © Elkar argitaletxea.