Azken fase hori proiektuaren 4. faseko etapa desberdinekin batera egingo da, hots, estalkiak, fatxadak eta instalakuntzak eraikitzeko eta amaierak egiteko lanekin batera.
Imanol Landa alkateak adierazi duenez, "proiektuaren azken fase honek, laster, eta eraikin alboko kanpoko eremu guztiaren urbanizatzea amaituta, hiritarrei berriro gune publiko bat eskaini ahal izatea bermatuko digu, gune hori erabili eta goza dezaten. San Nikolas plazakoa, historian zehar oso erakargarria izan den esparrua baita, algortarren belaunaldi asko eta askok elkartu eta aisiarako gune gisa erabili dutena, eta halaxe izaten jarraituko duena obra amaitutakoan”.
Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, urbanizatze-jarduketari esker, San Nikolas plaza gune handi eta garbia izango da, oinezkoak lehenetsiko ditu, erabilera askotakoa izango da “eta bere ohiko izaera berreskuratuko du”. Urbanizatzearekin San Nikolas plazak eta Getxo Antzokikoak bat egingo dute, maila berean izango dira, lehen zeuden hesi arkitektonikoak kenduz. Elizara sartzea ere errazagoa izango da, Basagoitiko goialdean arrapala kokatuko baita, plataforma berrira doana.
Agertoki handia, zuhaitzez betetakoa
San Nikolas plaza agertoki bezala erabiltzeko beharrezko instalazio guztiak izango dira bertan, behar duen tipologiaren arabera eta antolatuko den jardueraren arabera, egitura finko eta iraunkor baten oztoporik gabe. Plaza erabilera askotakoa izatea gainbalioa da.
Horrez gainera, hura erabiltzeko berreskuratuta, auzoko bizi-kalitatea hobetuko eta merkataritza eta ostalaritza suspertuko dira, inolako zalantzarik gabe.
Bertan egingo diren bestelako jarduketei dagokienez, 54 arbola berri landatuko dira, 6 espezie desberdinetakoak, urbanizatutako eremu osoan zehar kokatuko dituzte, aulki zabalak, bizi-aparkalekuak eta paperontziak izango ditu eta argiztapen sisteman Led teknologia aurreratua erabiliko da, energia-eraginkortasun handia lortuz. Urbanizazio osoan erabiliko diren material guztiak kalitate, erresistentzia eta nobletasun handikoak izango dira, esate baterako, egurra, beira eta altzairu herdoilgaitza, behegaineko granitozko lauza handiekin nahasiko direnak. Hala da ze, "gune paregabea, egungoa eta erabilgarria sortuko da”, Arregiren esanetan.
Bestalde, komun publikoak zaharberritu dira dagoeneko, irisgarriagoak eta erabilgarriagoak dira, lehenago zeudenak askoz ere hobetuta.
Gogoratzekoa da aurtengo hasieratik plazaren zatirik handiena irekita dagoela, aldi baterako eta behin-behinekoz, jendea ibiltzeko, behin betiko urbanizatze lanak hasi bitartean.