Xabi de la Maza epaitzen ari dira gazte independentisten aurkako sumarioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 14a, 16:43

Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra epaitzen ari dira Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen eraikinean. Gazte mugimenduaren aurkako 26/11 sumarioan, beste 35 gazte independentistarekin agertu da De la Maza. Halere, Segiko arduradunak izatea leporatuta, guztira 40 gazte aurkeztu behar ziren gaur goizean, baina haietako lauk uko egin diote epaituak izateari eta ez dira agertu, Berria.info-k zabaldu duenez. Horren ordez, Unai Ruiz, Goizane Pinedo, Irati Mujika eta Idoia Iragorrik bideoa plazaratu dute, epaile espainiarrak haiek epaitzeko "inor ez" direla azaltzeko eta plantoaren berri emateko. Bestalde, gaur, arratsaldeko 8etan eskualdeko manifestazioa egingo dute Gorlizko Eleiz plazatik eta bihar eta etzi ordu berean elkarretaratzeak egingo dituzte Gorlizko Txoko-etxe alboko plazan. Izan ere epaiketa gaur, bihar eta etzi zein azaroaren 25, 26 eta 27an, eta abenduaren 9, 10 eta 11n burutzekoa da. Gainera, baliteke gehiago luzatzea. Argazkian, Xabi de la Maza.

Epaiketa abiatzean lau gazte bertaratu ez izana ez da izan gertaera bakarra. Izan ere, lehenengo momentuan, puxika laranjak puztu eta aireratu dituzte aretoan, Luis Goñi nafarraren atxiloketa salatzeko. Epaileak auziperatuak eta publikoa salatik bidali ditu eta berriro sartu ostean abiatu dute epaiketa, gazteek elastiko laranjak daramatzatela, "Libre" leloaz. Fiskaltzak seina urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat. Berari eta AVTko akusazioari ez erantzutea erabaki dute lehenengo saioan deklaratu duten hamar gazteek. Haietako batzuek inkomunikazio egoeran jasotako mehatxuak eta torturak azaldu dituzte. De la Mazari bihar edo etzi egokituko zaio deklaratzea. Aurretik, gazteek Amaiurko diputatu eta senatarien babesa izan dute, tartean Jon Iñarritu diputatu areetarra.


Epaiketara agertu ez diren lau gazteek plazaratutako bideoa (© Berria TB)




Xabier de la Mazaren kasua

Gazte independentisten aurkako azkenaurreko sarekada 2009ko azaroaren 24an abiatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaskaren aginduetara. Goizaldean, 35 lagun atxilotu zituzten Hego Euskal Herrian, Segiko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta. Egun hartan ez zen atxiloketarik izan Uribe Kostan.

Hurrengo hilabetean, abenduaren 18an, ordea, Xabi de la Maza Peña atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Gorlizen, bere etxean. 21 urte zituen orduan De la Mazak. Aurreko sarekadaren harira "Xabierren izena epailearen autoan ageri zen, eta auzitegira aurkezteko asmoa zuen hori dela eta" azaldu zuen orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazio egoera ezarri zioten de la Mazari eta kexka nagusitu zen senide, lagun eta auzokideen artean, "operazio horretan atxilotutako gazte gehienek tortura eta tratu txar ugari salatu" zituztelako. Ordutik, Gorlizen eta Plentzian atxiloketa salatzeko hainbat ekimen burutu zuten.

Hiru egun beranduago, Marlaskak De la Maza espetxeratzea agindu zuen, Segi "erakunde terroristako kide" zelakoan.

Inkomunikazioa altxatu ostean, Xabierrek Poliziaren esku egondako egunetan "etengabeko mehatxuak eta irainak" jasan zituela salatu zuen. Bere gertukoek kontatu zutenez, inkomunikatuta igaro zituen hiru egun haietan "bere burua erruduntzat jotzea bilatzen zuten mehatxuez" aparte, gazteak "galdeketa ilegalak" jasan zituen. Gorlizetik Bilborako trasladoan, poliziek Sopelako hondartzara eramatearekin mehatxatu zutela salatu zuen, "bertan inor ez zegoelako eta berarekin nahi zutena egingo zutelako". Tortura salaketa horiek Alacanteko epaitegiaren aurrean berretsi zituen gazteak, 2010eko uztailaren 13an. Gainera, bera mehatxatu zuten agenteak identifikatu ahal izango zituela ziurtatu zuen gorliztarrak.

543 egun preso eta herritik ehunaka kilometrora eman ostean, eta senideek 30.000 euroko bermea ordainduta, 2011ko maiatzaren 28an kaleratu zuten Xabier de la Maza. Egun horretan egin zioten lehenengo harrera. Ekainaren 4an, berriz, ongi etorri ekitaldia egin zioten Gorlizko eta eskualdeko 200 auzotarrek baino gehiagok.

Gaurko eta datozen egunetako mobilizazioen kartela

960167_222671184561046_2013826923_n
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun