Gazte gorliztarrak azaldu duenez, lau gaztek ez dute beren burua aurkeztu gaur San Fernando de Henaresen. Atzo lekukotasuna eman zuten Ainara Bakedanok, Jon Andak, Jon Zirizak, Gaizka Likonak, Olatz Izagirrek, Ion Telleriak, Aitziber Arrietak, Garazi Rodriguezek, Maialen Elduak eta Eihar Egañak. Guztiek erantzun dituzte Manuela Fernandez de Prado epailearen galderak eta uko egin zioten fiskalaren eta herri akusazioaren galderei erantzuteari. Gauzak horrela, beste 26 neska-mutilek gaur eta bihar artean deklaratu beharko dute.
De la Mazak argi utzi du "lehenengo momentutik ikusi dela epaiketa hau fartsa bat" dela. Bitartean, Gorlizen batutako lagunak prest agertu dira "atzo Nabarrerian bizitakoa behin eta berriz bizitzeko indarra dugula erakusteko" eta Luis Goñiren atxiloketa "onartzen ez" duten bezala, ez dutela ametituko ere "Xabi berriro bahitzea edota Euskal Herria eta gazteriaren alde borrokatzen duen edozein epaiketa politikorik jasatea ere". Horregatik, gaur eta bihar elkarretaratzeak mantenduko dituzte Gorlizen eta ostiralean, hilak 18, 35/02 sumarioan auziperatuta dauden Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrei elkartasuna adieraziko diete. Horretarako, bien etxeak giza kate erraldoi baten bitartez lotu nahi dituzte. Zabaldu dutenez, gutxi gora behera, 400 pertsona behar izango dira ibilbide osoa ganoraz betetzeko.
Datozen mobilizazioak
• Gaur, asteartea, 20:00etan, elkarretaratzea Gorlizko Txoko-etxe alboko plazan.
• Bihar, asteazkena, 20:00etan, elkarretaratzea Gorlizko Txoko-etxe alboko plazan.
• Etzi, osteguna, 19:30ean, manifestazioa Astrabuduako Egoki herriko tabernatik Erandioko Hegoalde herriko tabernara.
• Etzi, osteguna, 20:00etan, manifestazioa Leioako Boulevard-etik.
• Etzi, osteguna, 20:00etan, elkarretaratzea Itzubaltzeta / Romo eta Areeta arteko Xake plazan.
• Etzidamu, ostirala, 20:00etan, jende katea Algortako Telletxe plazatik.
• Urriaren 26a, larunbata, nazio manifestazioa Bilbon.
Xabier de la Mazaren kasua
Gazte independentisten aurkako azkenaurreko sarekada 2009ko azaroaren 24an abiatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaskaren aginduetara. Goizaldean, 35 lagun atxilotu zituzten Hego Euskal Herrian, Segiko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta. Egun hartan ez zen atxiloketarik izan Uribe Kostan.
Hurrengo hilabetean, abenduaren 18an, ordea, Xabi de la Maza Peña atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Gorlizen, bere etxean. 21 urte zituen orduan De la Mazak. Aurreko sarekadaren harira "Xabierren izena epailearen autoan ageri zen, eta auzitegira aurkezteko asmoa zuen hori dela eta" azaldu zuen orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazio egoera ezarri zioten de la Mazari eta kexka nagusitu zen senide, lagun eta auzokideen artean, "operazio horretan atxilotutako gazte gehienek tortura eta tratu txar ugari salatu" zituztelako. Ordutik, Gorlizen eta Plentzian atxiloketa salatzeko hainbat ekimen burutu zuten.
Hiru egun beranduago, Marlaskak De la Maza espetxeratzea agindu zuen, Segi "erakunde terroristako kide" zelakoan.
Inkomunikazioa altxatu ostean, Xabierrek Poliziaren esku egondako egunetan "etengabeko mehatxuak eta irainak" jasan zituela salatu zuen. Bere gertukoek kontatu zutenez, inkomunikatuta igaro zituen hiru egun haietan "bere burua erruduntzat jotzea bilatzen zuten mehatxuez" aparte, gazteak "galdeketa ilegalak" jasan zituen. Gorlizetik Bilborako trasladoan, poliziek Sopelako hondartzara eramatearekin mehatxatu zutela salatu zuen, "bertan inor ez zegoelako eta berarekin nahi zutena egingo zutelako". Tortura salaketa horiek Alacanteko epaitegiaren aurrean berretsi zituen gazteak, 2010eko uztailaren 13an. Gainera, bera mehatxatu zuten agenteak identifikatu ahal izango zituela ziurtatu zuen gorliztarrak.
543 egun preso eta herritik ehunaka kilometrora eman ostean, eta senideek 30.000 euroko bermea ordainduta, 2011ko maiatzaren 28an kaleratu zuten Xabier de la Maza. Egun horretan egin zioten lehenengo harrera. Ekainaren 4an, berriz, ongi etorri ekitaldia egin zioten Gorlizko eta eskualdeko 200 auzotarrek baino gehiagok.