Goizeko 10etan abiatu da Espainiako Auzitegi Nazionalean 26/11 sumarioaren gaineko epaiketako bigarren saioa. Segiko arduradunak izatea leporatuta, guztira 40 gazte epaitzen ari dira; horien artean Xabier de la Maza gorliztarra. Atzo bezala polizien aurrean torturapean deklaratu izana salatu, eta gehienen jarduna publikoa zela defendatu dute gaur epailearen aurrean aurkeztu behar izan duten neska-mutilek,
Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Izan ere, Madrildik zuzeneko kontakizuna egin dute Oihana Elduaien eta Hodei Iruretagoiena kazetariek. De la Mazari ere gaurkoan heldu zaio txanda, 13:55 inguruan eta hogei minutuz egon da Manuela Fernandez de Prado epailearen aurrean. Gorliztarrak ere bera zein beste pertsona batzuk —poliziak erakutsitako argazkietatik inor ez zuela ezagutzen aipatu du— erruztatzeko jasandako "mehatxuak, irainak eta kolpeak" salatu ditu. Argazkian, atzoko mobilizazioa Gorlizen.