Astelehenean Naiz.info agerkari digitalak iragarri bezala, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak astelehenean, goizeko 11:30ean, ezagutaraziko du 197/2006 doktrinari buruzko epaia. Horixe bera ofizialki baieztatu du gaur Estrasburgoko tribunalak. Auzitegi horretako Areto Nagusiak irailaren 12ean hartu zuen aipatu doktrinaren inguruko erabakia. Bitartean, Espainiako Kongresuko osoko bilkuran hitz egin du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Parot izenez ere ezaguna den doktrinaz, Aitor Esteban EAJko diputatuak galdetuta. Espainiak epai hori beteko duen galdetu dio Estebanek, eta ohartarazi "zuzenbide estatu batek bere arauak bete" behar dituela. Rajoyk, ordea, ez du zehaztu hala egingo duen,
Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Defendatu du 192/2006 doktrina "oso baliagarria" izan dela "terrorismoaren" aurkako borrokan, eta oroitarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak babestu egin zutela: "Ez du zentzurik 23 pertsona hil dituen batek eta bat hil duenak abantaila berdinak izatea". Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia Ines Del Rio preso tafallarraren egoerari buruzkoa izango da, baina 197/2006 doktrina ezarria duten gainontzeko 70 presoei eragin diezaieke zuzenean; tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrari. Argazkian, maiatzaren 4ean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarra zen kalera ateratzekoa, 197/2006 doktrina aplikatu aurretik / cc-by Algortako Herrira.