Datozen mobilizazioak
• Gaur, asteazkena, 20:00etan, elkarretaratzea Gorlizko Txoko-etxe alboko plazan.
• Bihar, osteguna, 19:30ean, manifestazioa Astrabuduako Egoki herriko tabernatik Erandioko Hegoalde herriko tabernara.
• Bihar, osteguna, 20:00etan, manifestazioa Leioako Boulevard-etik.
• Bihar, osteguna, 20:00etan, elkarretaratzea Itzubaltzeta / Romo eta Areeta arteko Xake plazan.
• Etzi, ostirala, 20:00etan, jende katea Algortako Telletxe plazatik.
• Urriaren 26a, larunbata, nazio manifestazioa Bilbon.
Leioako mobilizazioaren kartela

Goizeko 10:30ean ekin diote 26/11 sumarioko 40 gazteren aurkako epaiketaren hirugarren saioari, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Xabier de la Maza gorliztarrak atzo deklaratu zuen Manuela Fernandez de Prado epailearen aurrean. Gaur ere mobilizazioa egingo dute Gorlizen, 20:00etan, Txoko-etxe alboko plazan. Horretaz gain, ostegun honetan, urriak 17, abiatuko dute 35/02 edo "herriko tabernen" auziaren epaiketa: 36 akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Izaskun Barbarias urduliztarra. Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea zein hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta daude sumario honetan. Gauzak horrela, bihar, osteguna, elkarretaratzea egingo dute 20:00etan Xake plazako Itzubaltzeta / Romoko aldean; eta, ordu berean, manifestazioa Leioako Boulevard-etik. Aurretik, 19:30ean, manifestazioa egingo dute Erandion, Astrabuduako Egoki herriko tabernatik Altzagako Hegoalde herriko tabernaraino. Argazkian, De la Mazaren kontrako epaiketa salatzeko astelehenean Gorlizen egindako mobilizazioa.