Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Kalean ospatuko dute Itzubaltzeta gaztetxearen 9. urtemuga

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 16a, 16:55

Pasa den irailaren 30an, zortzi urte bete ziren ehunka gaztek Errekagane kalean utzita zegoen ebanisterian sartu eta egungo Itzubaltzeta gaztetxea okupatu zutenetik. Aurretik zeukaten izen bereko zentro soziala Ertzaintzak indarrez hustu eta Getxoko Udalak eraitsi eta hiru egunera egin zuten okupazioa. Egun, oraingo gaztetxeak berdin amaituko ez duela ezin dute ziurtatu gazteek. Izan ere, Gobela ibaian egiten ari diren lanak errazteko Getxoko Udalarekin negoziazioak zabaldu zituzten gazteek eta Getxoko Udalak. Horren emaitza izan zen Imanol Landa Getxoko alkateak azpiegitura mantentzeko asmoa agertu izana eta pasa den otsailaren 14an gazteak Ezekiel Agirre kaleko udal lokaletan, Etxe Merkean, instalatu izana. Halere, elkarrekiko mesfidantzak hor dira eta oraindik orain ez dago argi zer gertatuko den Errekaganeko higiezinarekin URAk bi urte barru lanak amaitu ondoren. Gaztetxearen etorkizuna bulegoetan eta kalean erabakitzen den bitartean, bost eguneko egitarau zabala prestatu dute Itzubaltzetako neska-mutilek, bederatzi urteurrena ospatu eta hamaika gehiago bete nahi dituztela aldarrikatzeko. Horretarako, gainera, karpa jarri dute gaur goizean herriko Santa Eugenia plazan. Argazkian, Izenik Ez Itzubaltzeta / Romoko talde beteranoak kontzertua emango du ostiralean, Striknina eta Atadxs a Nada taldeekin batera.

Urteurreneko ekitaldiak Itzubaltzetako Gazte Asanbladak eta Ernaik antolatu dituzte, herriko jai batzordearen, Tantaz Tanta plataformaren eta Herri Norte Taldearen laguntzaz. Ekimen gehienak doakoak dira, ostiral eta igandeko antzezlan eta kontzertuetan borondatea ordaintzea eskatu dutela. Larunbatean, ordea, kontzertura sartzeko bi eurotako txartela erosi beharko da. Era berean, herri bazkarirako sei euro jarri beharko dira. Aurretik, baina, izena eman beharko da Etxe Merkean edo Branka herriko tabernan. Horretarako epemuga bihar, osteguna, izango da.

Egitaraua

Gaur, asteazkena, hilak 16

• 19:30ean, txupina eta ekitaldia, Itzubaltzeta gaztetxearen ondoko zubitik.
• 20:00etan, Kantuz Itzubaltzetan abesbatza-elkartearen kantaldia, Santa Eugenia plazan.

Bihar, osteguna, hilak 17, santa Eugenia plazan

• 19:30ean, Argentinako lantegi berreskuratuei buruzko hitzaldia eta bideo-emanaldia, Askapenaren eskutik.
• 21:30ean, film laburren emanaldia.
• Herri bazkarian izena emateko azken eguna.

Etzi, ostirala, hilak 18, santa Eugenia plazan

• 20:00etan, La´Stima Teatro antzez taldearen "Parejas... o trio" lana. Sarrera borondatean.
• 21:00etan, Striknina, Atadxs A Nada eta Izenik Ez taldeen kontzertua. Sarrera borondatean.

Etzidamu, larunbata, hilak 19, santa Eugenia plazan

• 11etan, herri azoka, Uribe Kostako Agroasanbladaren eskutik.
• 12etan, txikientzako diskofesta, Izarra eta Ilargirekin.
• 12etatik 14:00etara, txikigunea, aurpegiak margotzeko tailerra eta puzgarriak izango direla.
• 13:00etan, trikipoteoa herrian zehar.
• 15:00etan, herri bazkaria. Txartela sei eurotan eskura daiteke. Izena eman behar da aurretik Etxe Merkean edo Brankan, epemuga osteguna dela.
• 17:00etan, mus txapelketa.
• 19:00etan, batukadapoteoa herrian zehar, Uribe Kasta Atun Kon Band-ekin.
• 21:00etan, Clover Wind, Sobieht eta Akerbeltz taldeen kontzertua. Sarrera bi eurotan eskura daiteke.

Igandean, hilak 20, santa Eugenia plazan

• 19:00etan, Moby Dick abeslariaren eta Perdido Entre Ilusiones bakarlariaren emanaldia.
• Ondoren, azken traka izango da.

Ekimeneko kartela

Sin título-1

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun