Herrira, legezko erakundea
Herrira, legez eratuta eta inskribatuta dagoen asoziazioa da, bertan presente dagoen zuzendaritza batzordearekin eta Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan inskribatuta. Bere Estatutuetan nabarmentzen den bezala, bere helburu soziala Euskal Herrian dagoen gatazka politikoaren ondorioz dauden presoen oinarrizko eskubideak defendatzea da. Erabat zilegia eta arrazoizkoa den helburua eta operazio honen bitartez deuseztatu nahi izan dutena.
Herriran lan egin duten pertsonek modu publiko eta gardenean egin dute, eragile sozial, politiko eta sindikal guztiekin harremanak mantenduz. Euren ekimenak publikoak eta pluralak izan dira, euskal jendartearen baitan adostasun zabala barnebiltzen duten aldarriak jendarteratuz: Hau da, euskal preso politikoen Euskal Herriratzea eta dispertsioaren amaiera, 197/2006 doktrinaren derogazioa edo gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen askatasuna.
Euskal presoen eskubideen aldeko lanak eta egun indarrean dagoen espetxe politika ankerraren aldaketak euskal jendartearen baitan oniritzi oso zabala lortzen duen aldarrikapena da. Eta hori izan da Herrirak bere jaiotzatik bultzatu duena.
Justifikaziorik gabeko atxiloketak. Irregulartasun prozesala eta eskubideen urraketa
18 pertsonen atxiloketa arbitrarioa salatu nahi dugu. Hiru egunez atxilotuak egon dira, Madrilera trasladatuak eta ondoren delitu larrien inputazioa pairatu behar izan dute. Euren artean, gure lankidea den Oscar Sanchez abokatua, zeinek orain arte Behatokian burutu duen bere lan profesionala. Milaka eurotako bermeak ezarri dira eta erabat desproportzionatuak diren behin-behineko neurriak. Besteak beste, erabat zilegiak diren jarduera politiko eta sozialetan parte hartzeko debekua.
Armekin, aktibitate erabat publikoa den lokaletan sartu dira, baita Etxerat, TAT edo Behatokia bezalako asoziazioen lokaletan eta abokatu profesionalen bulegoetan ere. Abokatu ezberdinen ordenagailuak eraman dituzte, euren lana zailduz eta defentsarako eskubidea modu nabarmenean erasotuz.
Inkomunikatu ez bazituzten ere, horren emaitza, guztiak Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari uko egitea da, epailearen aurrean polizia etxean eman zituzten hiru egunetan uneoro argia piztuta zuten ziegetan egotera behartu zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Baita, burua makurtuta eta paretaren aurka hainbat aldiz egon behar izan zutela. Epailearen aurrean, guztiek ETAko partaide edo erakunde honekin inolako harremana izatea ukatu zuten. Guzti honek, argi uzten du atxilotutakoen inkomunikazioak, iraganean ohikoa izan den neurria, inpunitate poliziala eta eremu ilunak ahalbidetzen zituela. Are gehiago, inkomunikazioak, hainbatetan tortura eta tratu txarren bidez eskuratutako deklarazio autoinkulpatorioak lortzeko erabilia izan da.
Burututako miaketak nuluak izan dira kasuren batean eta irregulartasunak nagusi izan dira besteetan. Bilboko egoitzan, kasu, erregistroa atxilotuen presentziarik gabe eman zen, beraz erabat nulua da prozedimendu hau.
Atxilotutako pertsonen abokatu gisara, txostenak eta bestelako dilijentziak irakurri ondoren, argi esan dezakegu ez dagoela inolako delitu zantzurik, ez Herriraren partetik asoziazio gisa, ezta ere atxilotu eta inputatutako pertsonen partetik.
Herrira pertsonalitate juridikoa duen elkartea da, bere egoitzak miatu eta itxi dituzte, baita hainbat webgune zein Facebook eta Twitterreko profilak. Herriraren kontu bankarioak blokeatu dira eta bere jardueraren etetea erabaki da, elkarteari berari notifikatu gabe. Honek, efektu hauetarako ezarritako prozedura legalaren erabateko ezjakintasuna erakusten du.
Horiek horrela, abokatuek ere, Herriraren izenean pertsonatzea erabaki dugu eta alderdi bezala aintzat izatea eskatu dugu, egindakoaren berri eman eta erabat desproportzionatuak eta justifikaziorik gabekoak irudikatzen zaizkigun behin behineko neurri hauen erabaki judiziala notifikatzea eskatzen dugu. Hau guztia, egokia den helegitea jarri eta Zuzenbideko nulidadea eskatzeko. Horrela, orain arte, erabat zilegia zen Herriraren jarduerarekin jarraitu ahal izateko.
Ondorioa:
Ondorioz, Herriraren aurka burututako operazioaren larritasuna eta honek utzitako ondorioak direla-eta, zein ikusitako irregulartasunak medio, baieztatu behar dugu, Herriraren aurkako operazioa errotik ilegala eta zuzenbidearen oinarrizko printzipioen aurkakoa izan zela, oinarrizko eskubideak urratu zituela.
Nazioarteko hitzarmenetan babesten diren, askatasunerako eskubidea, elkartze-eskubidea, defentsarako eskubidea eta bidezko prozesua izateko eskubideak modu nabarmenean urratu dira.
Herriraren kontrako operazioak helburu bakarra zuen, Euskal preso politikoen eskubideen defentsari oztopoak jarri eta berau kriminalizatu. Berriro ere, esparru honetan lan egiten dugun abokatuak kriminalizatzeko beste saiakera batetan. Baina gehien bat, presoen aurkako eraso larria izan da.
Guzti honengatik, honakoa berretsi nahi dugu: Operazio hauen gainetik, gure jardun profesionaletik, euskal preso eta iheslari politikoei, Herrira mugimenduari eta sarekada honetan atxilotutako 18 pertsonei dagozkien eskubideen alde lanean jarraituko dugu.
Herriraren abokatuak eta berriki mugimendu honen aurka Eloy Velasco Espainiako Audientzia Nazionaleko epaileak agindutako operazioan atxilotutako pertsonen letraduak, Behatokia, TAT eta euskal preso eta iheslari politikoen abokatuekin batera atzo agerraldian irakurritako adierazpena.