Argia Ereiten Getxoko Euskara Saria nori eman behar dion galdetu du laugarrenez Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 16a, 20:52

Euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoak goraipatzeko helburuarekin, Getxoko Udalak Argia Ereiten Getxoko Euskara Sariaren laugarren edizioa jarri du martxan. Azaroaren 1era arte, zabalik egongo da hautagaiak aurkezteko epea eta proposatu ahal izango direnak banakoak, taldeak, elkarteak edo kolektiboak izan daitezke, beti ere getxoztarrak edo Getxon finkatutakoa bizitzaz nahiz jardunbidez badira. Getxoko Udalak saria emateko kontuan hartuko ditu proposatutako lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia, euskararen normalkuntzan egindako ekarpena eta orain arteko ibilbidea. Sarirako hautagaiak euskalgintzako elkarteek, euskaltegiek, ikastetxeek, banakoek edo Udal Euskara Zerbitzuak aurkez ditzakete. Hautagaiak aurkezteko inprimakia www.getxo.net web gunetik deskargatu eta euskara[abildua]getxo.net posta elektronikoaren helbidera bidali behar da. Argazkian, San Nikolas ikastolako ordezkaritza zabala iazko saria jasotzen.

Udalak zabaldutakoaren arabera, saria nori eman erabakiko duen epaimahaia Imanol Landa alkateak, Koldo Iturbe Euskara zinegotziak eta Getxoko Aholku Batzordeko kideek osatuko dute. Lehen edizioaren irabazlea Laura Lapeyra izan zen. Algortako Juan Bautista Zabala ikastetxeko gurasoen elkartean euskararen erabileraren alde azken hamarkadan egindako lanagatik jaso zuen saria. Bigarrena Bittor Egurrolarentzat izan zen, bizitza osoa hizkuntza sustatzera dedikatzeagatik eta hirugarrena San Nikolas ikastolarentzat, euskarazko heziketan 50 urtetan burututako lanagatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun