
Goizeko 11ak pasatuta, askatu dute Jagoba Terrones Arrate Berangoko euskal preso politikoa eta Algortako bizilaguna. Castellon II espetxetik irtetean han izan ditu zain senide eta lagun hurkoak. Musu, besarkada eta agurren ostean, beste euskal presoen askatasuna aldarrikatu eta etxerako bidaiari ekin diote, irribarretsu. Hasieran, gaueko 10etarako heltzea espero bazuten ere, berangoztarra zuzenean etorriko da Euskal Herrira. Gauzak horrela, litekeena da 20:00etarako Berangora heltzea. Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Terronesi, Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako 33/01 auziko epaian eta
Auzitegi Gorenak zigorra berretsi egin zuen, 2009ko urriaren 16an.
Egun horretan atxilotu eta Basauriko espetxera eraman zuten. Ondoren, Castellon II espetxera eraman zuten. Argazkian, Jagoba Terrones espetxetik irten berri / © Berangora ekimena.