Zehazki, hitzarmena sinatu ondoren, BCC-k formakuntza eta espezializazio ikastaroak emango dizkie Leioako Ostalaritza Eskolako irakasleei, eta hauek, BCCk profesionalentzat antolatutako ikastaro irekietan ere parte hartu ahal izango dute, doan, plaza librerik geldituko balitz.
Halaber, hitzarmena ikasleen prestakuntzaz ere arduratuko da, eta horrela, BCCk beka bat eskainiko dio Leioan ikasketak amaitu dituen ikasle bati, profesionalentzako espezializazio ikastaro bat burutu ahal izan dezan.
Bestalde, Leioako Ostalaritza Eskolak BCCren esku utziko ditu kudeaketarako berak erabiltzen dituen zenbait aplikazio informatiko, erosketa, logistika eta mantenu gaietarako erabiltzen dituen aplikazioak, hain zuzen ere. Zentro bietako arduradunek sinatu duten hitzarmenak hiru urteko iraupena izango da, luzatzeko aukerarekin.
Hitzarmena sinatu eta bere eduki esanguratsuenak azaldu ondoren, alde bateko zein besteko ordezkariek mahaiaren bueltan ospatu dute lankidetza berria, Leioako Ostalaritza Eskolako Lukitxene jatetxean egin duten bazkarian, eskolako ikasleek prestatutako jakiekin.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.