35/02 sumarioko akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra. Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea zein hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta daude sumario honetan. Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar duten lagun bakarrak. Izan ere, 36 auziperatuez gain, sumarioan sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon behar izan dute Madrilen. Tartean, goizeko 4etan epaiketara joateko autobusa hartu dute Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariek. Iluntzeko 8etatik aurrera espero dute bueltatzea.
Josu Iturburu Brankako presidenteak adierazi duenez, auziperatu presoekin egin bezala, defentsaren abokatuek herriko tabernen arduradunak egunero joan behar ez izateko eskatu dute. Akusazioen arabera "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago. Gauzak horrela, epaiketa egun guztietan agertu beharko diren astelehenean erabakiko du magistratu taldeak.
Auziperatutako algortarrei dagokienez, Jose Luis Franco eta Maite Amezagari erakunde terroristari laguntza eman izana leporatzen diete, eta zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu duenez. Bestalde, esan bezala, Franco adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin du. Dirudienez, bihar jasoko du erantzuna.
Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.
Ostiralari dagokionez, 35/02 sumarioan auziperatuta dauden Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrei elkartasuna adieraziko diete. Horretarako, bien etxeak giza kate erraldoi baten bitartez lotu nahi dituzte. Zabaldu dutenez, gutxi gora behera, 400 pertsona behar izango dira ibilbide osoa ganoraz betetzeko. Hitzordua 20:00etan jarri dute Telletxe plazan.
Deitutako mobilizazioak
• Gaur, osteguna, 19:30ean, manifestazioa Astrabuduako Egoki herriko tabernatik Erandioko Hegoalde herriko tabernara.
• Gaur, osteguna, 20:00etan, manifestazioa Leioako Boulevard-etik.
• Gaur, osteguna, 20:00etan, elkarretaratzea Itzubaltzeta / Romo eta Areeta arteko Xake plazan.
• Bihar, ostirala, 20:00etan, jende katea Algortako Telletxe plazatik.
• Urriaren 26a, larunbata, nazio manifestazioa Bilbon.
Leioako mobilizazioaren kartela