Jose Luis Francok ez du epaiketara egunero joan behar izango

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 18a, 15:10

Jose Luis Franco algortarra 35/02 sumarioko epaiketaren saio guztietara agertu behar ez izatea erabaki dute gaurkoan, adineko pertsona izanda eta gaixorik dagoelako, bere abokatuak horrela eskatu ostean. "Jose Luis Francok deklaratzera dagokion egunean eta azken egunean bakarrik joan beharko du epaiketara. Dena dela, oraindik ez da zehaztu ze egunetan joan beharko duen, epaiketaren egutegiko autoan Jose Luisen deklarazio eguna ez delako ageri. Bestela ere, epaiketak urte bat ere iraun dezakeela esan izan da, eta azken eguna noiz izan daitekeen ere inork ez daki", adierazi du Libre Getxon ekimenak. Horretaz gain, Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak agertu behar izan dute bi egunotan Auzitegi Nazionalean. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki du gaurkoan epaileak. Argazkian, Maite Amezaga eta Jose Luis Francoren aldeko pankarta Algortako kaleetan.

35/02 sumarioko epaiketaren bigarren saioan, lehenik eta behin abokatuek atzo egindako eskaerak aztertu dituzte: letraduek sei akusatu epaiketara joan behar ez izatea eskatu zuten, bi arrazoi pertsonalengatik eta lau gaixorik daudelako. Azken horien artean da Jose Luis Franco. Algortarra adineko pertsona da eta, bere osasun egoeragatik, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin du bere abokatuak. Bada, auzi medikuak aztertu ostean, Franco bera, Juan Carlos Rodríguez, Andrés Larrea eta Vicente Enekotegi saio guztietara agertu behar ez izatea onartu dute, gaixo daudelako, Naiz.info agerkariak zabaldu duenez. Halaber, Esther Agirre eta Jasone Manterola ere deklaratzen duten saioetara eta azkenekora baino ez dira joango, arrazoi pertsonalengatik.

Herriko tabernak

"Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta, ezker abertzaleko 36 kide epaitzen hasi ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost bat hilabetez iraungo dute 35/02 sumarioko epaiketaren ahozko saioek. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra. Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea zein hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta daude sumario honetan.

Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar duten lagun bakarrak. Izan ere, 36 auziperatuez gain, sumarioan sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon beharko dute Madrilen. Tartean, Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak.

Iturburuk azaldu bezala, auziperatu presoekin egin bezala, defentsaren abokatuek herriko tabernen arduradunak egunero joan behar ez izateko eskatu zuten. Akusazioen arabera "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago. Gauzak horrela, deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki du gaurkoan epaileak.

Bi algortar auziperatu

Auziperatutako algortarrei dagokienez, Jose Luis Franco eta Maite Amezagari erakunde terroristari laguntza eman izana leporatzen diete, eta zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu duenez. Bestalde, esan bezala, Franco adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen. Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.

Gaur iluntzean Jose Luis Franco zein Maite Amezaga auziperatuta dagoen beste algortarrari elkartasuna adieraziko diete beraien herrian. Horretarako, bien etxeak giza kate erraldoi baten bitartez lotu nahi dituzte. Zabaldu dutenez, gutxi gora behera, 400 pertsona behar izango dira ibilbide osoa ganoraz betetzeko. Hitzordua 20:00etan jarri dute Algortako Telletxe plazan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun