Makro-epaiketa hauek larriak dira oso, baina ez dira batere serioak. Bide penala darabilte gu guztiok zigortzeko, baina ez dituzte penalizaziorako behar diren baldintzak betetzen. Zer zigortu nahi da, ze ekintza, ze atentatu? Ez dago halakorik. Ideia politikoak, proposamen demokratikoak, alternatiba askatzaileak zigortu nahi dituzte. Euskal Herria askabiderik gabe utzi nahi dute, hain zuzen. Horregatik dihardute modu barregarrian justizia plantak egiten. Aznar, Mayor Oreja eta Garzonek 2002 urrun hartan hasitako lardaskeriari ezin izan diote 11 urtetan gure kontrako ezer gehitu. Nazio Batuen Erakundeak berak esan zien, serio, 2009ko ebazpenean, prozesu hauetako aktibitate politiko guzti-guztiak legitimoak direla eta ezin direla penalizatu.
Orain auziari hasiera publikoa eman eta ez dute inolako froga elementurik. Larri dabiltzala, nola erreakzionatu dute? Saioa amaitzera zihoala, fiskalak bota du albiste-sorpresa: 59 lekuko berri ekarri nahi ditu eta aditu bezala erabili. Nor dira, zer dira? Poliziak dira. Aspalditik ezker abertzalearen aurka jazarpenean ari diren poliziak, orain peritu bihurtu nahi. Gure aurkako zama astunago bihurtu nahian. Hori fundamentua !
Libre nahi badugu, ez jarri eremu latz honetarantz begira.Hobe gurean bake eta askatasun gune zabala antolatzen badugu lehenbailehen. Hori bai izango da Libre!
Karmelo Landa Literatura irakaslea Leioa eta Erandioko campusean eta auziperatuak atzo Libre ekimenaren webgunean argitaratutako artikulua