197/2006 doktrinaren kontrako eskualde manifestazioa izango da etzi Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 19a, 17:46

197/2006 doktrinaren inguruan Europako Giza Eskubideen Auzitegiak astelehenean emango duen epaiaren harira, hainbat eragile sozial eta politikok mobilizazioak deitu dituzte egun horretarako Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Estrasburgok 11:30ean jakinaraziko du erabakia, eta hori itxaron bitartean, goizerako, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean elkarretaratzeak eta batzarrak prestatu dituzte. Eta arratsaldean 197/2006 doktrina ezarria duten presoen herrietan zein beste hainbat lekutan, mobilizazioak egingo dituzte. 11:00etatik 13:00etara elkartuko dira astelehen goizean, Bilboko Plaza Biribilean, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, Donostiako Bulebarrean eta Iruñeko Arrano kultur elkartean. Arratsaldean, berriz, 19:30ean elkarretaratzeak egingo dira Bilboko Plaza Eliptikoan, Gasteizko Bilbo Plazan eta Donostiako Bulebarrean, eta 20:00etan, PPk Iruñean duen egoitzaren aurrean. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia Ines Del Rio preso tafallarraren egoerari buruzkoa izango da, baina 197/2006 doktrina ezarria duten gainontzeko 70 presoei eragin diezaieke zuzenean; tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrari. Hori dela eta, iluntzeko 8etan manifestazioa abiatuko da Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazatik. Argazkian, maiatzaren 4ean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarra zen kalera ateratzekoa, 197/2006 doktrina aplikatu aurretik / cc-by Algortako Herrira.

Mobilizazioak iragartzeko agerraldi jendetsua egin zuten atzo hainbat eragilek Donostian, "Berria" egunkariak zabaldu duenez. Zehazki, honako eragile sozial eta politiko hauek egin dute mobilizatzeko deia: Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba, Sortu, Antikapitalistak, Gorripidea, Eusko Ekintza, Ezker Gogoa, LAB, EILAS, Ernai, Gazte Abertzaleak, Etxerat, ESAIT, EPPKren bitartekaritza, Goldatu Elkartea, Eusko Lurra Fundazioa, Argentinako kereilaren aldeko euskal plataforma, Bilgune Feminista, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskal Herriari eta Erabaki.

Horretaz gain, zuzeneko saioa egingo du Berria Telebistak. 11:15ean hasiko da saioa, auzitegiak ebazpenaren berri eman baino ordu laurden lehenago. Hiru hizlarik hartuko dute parte mahai-inguruan: Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerat-eko kideak, Karlos Apeztegia preso ohiak eta Garbiñe Biurrun epaileak. Mahai ingurua Iñaki Petxarroman "Berria" egunkariko zuzendariordeak zuzenduko du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun