Europa Press agentziak iturri judizialak aipatuta gaur argitaratu duenez, Auzitegi Nazionalak banan-banan aztertuko ditu helegiteak. Horrek, zerbait atzeratuko luke preso batzuen kaleratzea. Astero biltzen da plenoa, baina gerta daiteke bilera bakoitzean bost edo hamar bat presoren egoerak besterik ezin dituztela aztertu esatea. Kasu horretan, astero joango litzateke erabakiak hartzen, eta pixkanaka, multzoka askatuko lituzkete presoak. Espainiako Barne eta Justizia ministroek 13:00etan agerraldia iragarri dute erabakia baloratzeko.
2006tik aurrera
Parot doktrina izenarekin ere ezagun den arau hori 2006an ezarri zuen Espainiak, 197/2006 sententzia oinarri hartuta. Espainiako 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoek gehienez 30 urte egin zitzaketen ordura arte kartzelan, legez. Muga horri Zigor Kode hark ahalbidetzen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia 2006ra arte. Urte horretan, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak hori aldatu zuen: presoei zigorra arintzeko neurriak jasotako zigor bakoitzari ezartzeko agindu zuen, eta ez, ordura arte bezala, espetxean pasa beharreko gehienezko urte kopuruari. Aldaketa jada zigorra ezarrita zuten presoei ezarri zien, irteera eguna atzeratuz. Ines del Riok 2008ko uztailaren 5ean behar zuen aske, baina doktrina ezarrita preso jarraitzen du.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Sala Txikiak iazko uztailean ebatzi zuen printzipioi horren kontrakoa dela doktrina, zigorra gerora gehitu zaielako. Europako Giza Eskubideen Itunaren 5. eta 7. artikuluak urratzen dituela esan zuen: askatasunerako eskubidea eta segurtasun juridikorakoa.
Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu"
Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein orain aste batzuk zendutako Angel Figueroa algortarrarekin batera. Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 18 urte eta sei hilabete daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, luzatu zioten zigorra.