Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren behin betiko erabakiaren ondoren, ez dago oinarri juridikorik 197/2006 edo Parot doktrinaren pean dauden euskal preso politikoek espetxean jarraitzeko. "Nahi dutena esango dute, baina aske utzi behar dituzte, arau demokratikoak errespetatzen badituzte", nabarmendu dute Ines del Rio gatibu tafallarraren abokatuek, gaur arratsaldean emandako prentsaurrekoan. "Doktrina hilda dago", baina "giza eskubideen urraketak ez dira amaitu", azaldu du letraduen izenean Amaia Izkok. Orain Espainiako Gobernuari egin behar duena egitea dagokiola esan du: "[Espainiako] Gobernuari esaten diogu Estrasburgori entzun diezaiola eta bete dezala hark esandakoa". Horren harira, Ines del Rio ez ezik, Antton Troitiño ere ahalik eta lasterren askatzea eskatu dutela baieztatu dute abokatuek. Adierazi dutenez, gauza bera egingo dute datozen egunetan beste 54 preso politikorekin, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra dela. Auzitegi Nazionalak egingo duen bilkurari dagokionez, Del Rio "bihar bertan askatuko duten erabakitzea baino ez dauka", aipatu dutenez. Argazkian, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso itzubaltzetarraren aldeko pankarta artxiboko irudian.