Getxorako euskara plana aurkeztuko dute, PPren aurkakotasun osoz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 22a, 01:49

Bihar, asteartearekin, aurkeztuko dute Areetan Erabilera Sustatzeko Getxoko Ekintza Plana (ESEP). Plan hori Euskara Biziberritzeko III. Plan Nagusia deitu behar zen hasieran eta Getxoko Udalak prestatu du, izenak dioen moduan euskararen erabilera udalerrian sustatzeko. Jendaurreko ekitaldi irekia arratsaldeko 7:30ean izango da, Ogoño kaleko 1. zenbakian dagoen Areetako Elkartegian, azoka zaharrean, alegia. 2012ko maiatzaren 3an abiatu zen hirugarren udal euskara plana onartzeko prozedura eta horren zirriborroa aberasteko asmoz, 18 aurkezpen egin zituen Euskara Zerbitzuak, bileretan 400dik gora pertsonek hartu zutela parte. Guztira, 242 ekarpen aurkeztu zituzten udalerriko hainbat bizilagunek eta elkartek. Halere, zuzenketa gehienak EH Bilduk eta tokiko komunikabide euskaldunek aurkeztu zituzten. Koalizio independentistak dozenaka ekarpen egin zituen eta "UK" aldizkaria, Justuri irrati egitasmoa eta Ukberri.net-ek 96 proposamen. Azken horien gehiengoari ezezkoa eman arren, Getxoko Udalak dio ekarpen guztietatik ia %70ek "isla" duela planak. Onartutako ekarpenik garrantzitsuena Euskararen Ordenantzak idazteko konpromisoa da, Getxoko EAJk lehen aldiz hartu duena. Neurri hori 2007tik aldarrikatzen zuten euskalgintzako taldeek. PPren ustez, plana "sektarioa eta baztertzailea" da. EH Bildu Getxo berreuskalduntzeko eta hizkuntz eskubideak bermatzeko "haratago joango" litzateke eta PSE-EEk ez dio arazo handirik ikusten. Argazkian, Imanol Landa alkateak eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak aurkeztu zuten 2012ko maiatzean Getxoko euskara plan berria osatzeko sistema.

PP eta sektarismoa

EAJk osatzen duen Getxoko Udal Gobernuak pasa den uztailaren 23an onartu zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP). Pasa den irailaren 25ean, ordea, oposizioaren indar guztiek (PP, EH Bildu eta PSE-EE) plana Getxoko Udalbatzara eramatea eskatu zioten Imanol Landa alkateari, EAJk ezezkoa eman zuela. Alderditik alderdira, baina, oso bestelako argudioak erabili zituzten egoera kafkiar eta surrealistatan emankorra izan zen udal bilkuran. Egun distiratsuena Javier Ruiz zinegotzi popularrak izan zuen. Bere ustez, udalerriko "etorkizun linguistikoa bideratuko" duen plana "gauekotasunez eta era ezkutuan" landu zuten eta "nazionalistek doktrinatzeko duten antsietatearen" erakusgarritzat jo zuen, EAJ eta EH BIlduri "hizkuntza haientzat gordetzea" leporatu aurretik. Gauzak horrela, plana "sektario eta baztergarritzat" jo zuen, "euskal kultura euskararekin identifikatzeagatik", besteak beste. Horretaz gain, neurri batzuen bere interpretazioak eta susmo gaiztoak plazaratu zituen. Hortaz, Ruizen irudikoz, "euskaldunen sare bat sortzea" guztiz okerra behar omen da izan; Udala, antza, "euskaldunen errolda sortzera" doa; pertsona bakoitzak "euskara dakien edo ez, txarteletan" idatzita izan beharko du; abizenak euskarazko grafian jartzeko eta bataioetan euskara erabiltzeko doktrinatze prozesua abiatu dute... eta abar luze bat zerrendatu zuen zinegotzi popularrak, edonor beldurtzeko kontakizunean. Bere ustez, Udal Gobernuak tokiko ESEP "dagokion batzar informatibotik pasa" eta Udalbatzara eraman behar izango luke plana. Horrela eginda, popularrek hainbat proposamen aurkeztuko zutela agindu zuen Ruizek.

PSE-EE eta ekarpen eza

Esanak esan, Getxo udalerriko zinegotzien artean jendea aho bete hortz uzteko ahalmen nagusia ez du Ruizek, Luis Almansa PSE-EEko eledunak baizik. Izan ere, Almansak aurkeztu zuen mozioa udal euskara plana Udalbatzan eztabaidatzeko eta, behar izanez gero, onartzeko. Horren aurrean, Koldo Iturbe Euskara zinegotzi jeltzaleak berari, alderdi sozialistari zein popularrei euskara planari ekarpen bat ere ez aurkeztu izana aurpegiratu zien. Harago joanda, Euskara Zerbitzuko teknikariek plana eztabaidatzeko bilera batera alderdiak gonbidatu zituztenean, "Bildu izan zen alderdi bakarra" agertzen eta proposamenak egiten, gogoratu zuenez. Hortaz, "ekarpenak egin dituzten eta teknikariekiko errespetua" eskatu zuen. Horri erantzuteko ahazten zaila izango den galdera bota zuen Almansak, aho txikiz: "Beharrezkoa dugu proposamenak aurkeztea?".

Horretaz aparte, sozialisten ustez, planak "garrantzia politikoa eta helmen sozial handiko" gaia da eta euren iritsiz, Getxoko Udalbatzak ESEP onartuko ez balu "legez baliorik gabeko" agiria bilakatuko litzateke. Ideia hori lurretik bota zuen Iturbek, Getxoko bigarren plana zein Lazkoz Gasteizko alkate ohi sozialistak onarturikoa aurrekari hartuta. Halere, PSE-EE harrituta mantendu zen plana Udalbatzatik ez igarotzeko EAJren jarrerarekin: "Zeren beldur da Gobernu Taldea sozialistok kritikoak izan arren planaren kontra egingo ez dugula dakitenean?".

EH Bildu eta hizkuntz eskubideak

Maitane Nerekan EH Bilduren zinegotziak PPren "koherentzia" baloratu zuen, "beti ezjakintasuna goratzen dutelako". Eta horren froga euskara planaren bileretara joan ez izana dela esan zuen Nerekanek, "argi uzten delako ez zaiela euskara interesatzen". Halere, bat egin zuten PSE-EE eta PPrekin, "plan sinboliko hori, loteslea ez dena" Udalbatzara ekartzeko "egokia" ikusten zutelako. Gogoratu zutenez, ordenantzak dira "hizkuntz eskubideak finkatzen dituztenak". Gaineratu zutenez, euskara ez da kontuan hartzen udal sail guztietan, "haratago joatea" eskatzen dute, batez ere hizkuntz eskubideen aldetik eta "ez gaude guztiz ados planean esaten denarekin, baina ez dugu guztiz txarto ikusten". Azkenik, "inposizioa erdaldunena dela" gogoratu zuten independentistek.

Erabilera Sustatzeko Getxoko Ekintza Planaren edukia

Plana 2016ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean eta epealdi honetan hainbat jarduera bultzatuko ditu, Udal Gobernuaren arabera: euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura sustatzeko, hain zuzen ere, hainbat esparrutan, horien artean, irakaskuntzan, administrazioan, lan-munduan, hedabideetan, kirolean eta aisian, kulturan, teknologia berrietan eta abar.

Uztailean Udalak azaldu zuen "herritarrekin, elkarteekin, Getxoko Udaleko sail desberdinetako teknikarirekin eta alderdi politikoekin, bereziki, euskara mundukoekin aurkezpen publiko ugariren bitartez egindako kontraste prozesu baten ondoren, ESEPa udalerriko hizkuntza-errealitateari egokitutako testua" dela, "denbora berrietara egokitzeko asmoarekin landua eta euskararen erabilera sustatu nahi duena, bereziki honako hiru faktore hauek kontuan harturik: gazteak, etorkinak eta euskara ezagutzen ez dutenak".

Koldo Iturbe Euskara zinegotziaren ustez, "ESEPa euskara normalizatzeko hurrengo urteotan jarraitu beharreko bidea da, guztion aldetik esfortzua eskatzen duena eta baita laguntza eta adostasun handiak ere. Besteak beste, nabarmendu nahi ditugu martxan jartzeko eta garatzeko gizarte zibilak eta euskalgintzak eduki duten, duten eta edukiko duten protagonismoa, bereziki horiek gabe, ezin izango delako Getxo euskaldunago eraiki. Horrela izan da orain arte eta horrela aldarrikatu behar dugu. Udala, beste agenteekin batera, euskara sustatzeko baliabidetako bat da eta apustu horretan indarrak batu nahi dituztenekin egingo dugu bat”.

Iturbek azaldu zuenez, “euskara euskaldun guztion ondarea da, baina batez ere komunikatzeko baliabidea da eta ikusgarriago egiteko asmoa dugu eta baita gizarte getxotarrean bere erabilera sustatzeko ere. Garrantzitsua da orain arte burututako ibilbidea balorean jartzea, Getxo euskaldunago egiten bere fruituak eman dituelako, oraindik asko egiteko falta dela onartzea justua izan arren”.

Getxoko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (2013-2016)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun