Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskalak ere esan du Del Rioren kasuan aske uzteko eskatu izanak "ez duela esan nahi beste kasuetan ere hori egingo duenik". Auzitegi Nazionalera igorri duen txostenean Fiskaltzak ere esan du Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak ez duela beste aukerarik uzten, eta urratu diren eskubideak bere onera ekartzeko modu bakarra dela Del Rio aske uztea. Estrasburgoren erabakia ofizialki ez zuen arren, Auzitegi Nazionalak Fiskaltzari jakinarazi zion atzo bere iritzia eman zezan. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko hamazazpi epailek hartu dute erabakia.
Ostiralean Zigor Aretoko epaileek ohiko bilera egingo dute, eta atzoko erabakiarekin aske geratu behar duten beste presoen kasuak aztertzen hasi beharko dute. Gainera, helegitea Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuten bi presoren egora aztertu beharko dute Zigor Aretoko epaileek: Juan Manuel Piriz Portugaleteko presoarena eta Joxepa Ernagarena. Parot doktrina ezartzearen aurka aurkeztu zituzten helegiteak aztertu beharko ditu Auzitegi Nazionalak. Del Rioren kasua eraman duten abokatuek atzo aurreratu zuten doktrinaren eraginez espetxean jarraitzen duten preso guztiak aske uzteko eskatuko dutela datozen egunetan. Gaur bertan Londresko Auzitegi Gorenak Antton Troitiñoren egoera argitu beharko du, 15:00etan. Ekainean estradizioa ukatu zuten, Estrasburgoren erabakiaren zain.