Hamabost egunetan bi eraso jasan ditu Txorimalo gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 23a, 13:43
Algortako Gazte Asanbladako (AGA) eta Txorimalo gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, berriro ere eraso bat jasan du Getxoko aldeko zentro sozial autogestionatuak, asteburuan. Neska-mutilek adierazi dutenez, oraingoan erasoa gaztetxearen aurreko leihoan izan da: "Igande arratsaldean Txorimalora heldu ginen eta etxearen aurreko leihoa apurtuta topatu genuen", azaldu dute. Diotenez, leihoaren aurrean ohartxo bat topatu zuten, hurrengoa esanez: “Kaixo denoi pozez adierazi nahi dizuegu, guk egin dugula gaztetxeko barrabaskeria guztia eta zuek fastidiatzeko eskatu nahi dizuegu!”. Horren aurrean, egunez egun gaztetxe eta gazte asanbladan lan egiten dutenek "hipotesi desberdinak" dituzte. Besterik gabe, hamabostaldi honetan jasandako bi erasoen aurrean argi utzi dute" lanean tinko eta gogotsu" jarraituko dutela eta horrelako erasoek ez dituztela kikilduko. Urriaren 8an Txorimalo gaztetxeko atea indarrez irekita eta apurtuta aurkitu zuten Algortako Gazte Asanbladako kideek. Argazkian, 2008ko azken egunetan pintaketa faxista egin zuten ezezagunek Txorimalon.
Getxoko Txorimalo gaztetxera heltzean, bertoko atea indarrez irekita eta apurtuta aurkitu zuten urriaren 8an Algortako Gazte Asanbladako kideek. UKBERRI.NET agerkari digitalari helarazitako oharrean adierazi zutenez, barrura sartu eta printzipioz ezer ez zela falta ikusi zuten. "Dena den, oraindik etxe osoa sakonago behatu behar dugu, zeozer falta den ikusteko", gaineratu zutenez.

Urteetan hainbat eraso

Urte guzti hautan hainbat eraso jasan ditu Txorimalo gaztetxeak. 2008ko azken egunetan pintaketa faxista egin zuten ezezagunek. Gutxienez, urte horretan, birritan jasan zituen mota horretako erasoak gazte zentro sozial autogestionatuak. Uztaila bukaeran, gaztetxetik gertu, Aixerrotako zelaietan ospatzen den Nazioarteko Paella Lehiaketa baino egun batzuk lehen, "Viva España" eta "18 de Julio" leloak margotu zituzten Lurralde Zati Planaren kontrako horma irudiaren gainean. Hain zuzen ere, 1936ko uztailaren 18an gertatu zen, Espainian eta Euskal Herrian, faxisten Altxamendu Nazionala. 2008ko otsailaren 20an ere ezezagunak Txorimalora sartu ziren eta areto batean esbastika bat margotu zuten.

Aipatu azken egun horretan, pintada faxistaz gain, lapurreta egin zuten ezezagunek. Algortako Gazte Asanbladak orduan zabaldu zuenez, lapurrek "sukaldeko leihotik sartu eta bertan zeuden bideo kamera, dvd eta bi motxila" desagerrarazi egin zituzten. Gainera, ez zen lehenengo aldia gaztetxean hainbat objektu desagertzen zuenik. Izan ere, 2007ko uztailaren 24ko gauean (Paella Eguna hilaren 22an ospatu zen) atea bortxatu, dena hankaz gora jarri eta diru kopuru txiki bat eta zenbait lanabes eraman zuten hainbat ezezagunek. Dagoeneko, garai horretan, bestelako susmoak ere agertu zituzten gazteek: "auskalo zein izan den ebasle hauen intentzioa". 2006ko abenduaren 4an, berriz, gaztetxeari begira zegoen bideo zaintza kamera bat topatu zuten Txorimalokoek. Kamera auto baten barruan ezkutatuta zegoen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun