Bertan, herri bazkariko txartelak salgai egongo dira aste osoan zehar, 13 euroren truke (bazkaria + kamiseta laranja). Tiketak bihar arte egongo dira salgai. Horrenbestez, deialdi berezia egin diete sopeloztar guztiei laranja kolorez jantzita, Sopelako Libre astean parte har dezaten, epaiketak salatu eta auzipetuei guztion babes beroena emateko. Astean zehar aterako den dirua, epaiketen kostuei aurre egiteko izango da.
Auziperatutako lagunak
Urriaren 14an hasi ziren epaitzen Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita.
Horretaz gain, hilaren 17an abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa. "Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta, ezker abertzaleko 36 kide epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost bat hilabetez iraungo dute 35/02 sumarioko epaiketaren ahozko saioek. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Akusatuen artean dira Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak eta Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra. Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea zein hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta daude sumario honetan.
Astelehenean deklaratu ondoren Jose Luis Francok ez du epaiketako saioetara joan beharrik izango, konklusioak ematen diren azken egunean ezik, ostiralean erabaki bezala. Algortarra adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen.
Herriko tabernak
Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon ziren joan den astean Madrilen, epaiketaren lehenengo bi saioetan, tartean zirela Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki zuen ostiralean epaileak. Akusazioen arabera "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.
Joan den ostiralean Algortan Jose Luis Franco eta Maite Amezagaren etxeen artean egindako giza-katearen bideoa (cc-by Koska Irratia)