Bihar torturatzaileei hitza emango dietela salatu dute 26/11 sumarioko gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 23a, 20:15

Bihar Espainiako polizia eta guardia zibilen deklarazioen txanda izango da, 26/11 sumarioaren epaiketan. Hori dela eta, Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren 40 gazteek hainbat komunikabideri bidali duten gutunean salatu dute jasan zituzten torturak salatu gabe torturatzaileei hitza emango zaiela auzitegian. "Onartezina da torturak zigorgabetasun osoan jarraitzen duen bitartean hura burutzen duten poliziek auzitegi batean Zuzenbide Estatuaren izenean deklaratzea. Ezin dugu onartu", adierazi dute. Epaitzen ari diren gazteen artean da Xabier de la Maza. Gorliztarrak ere bera zein beste pertsona batzuk —poliziak erakutsitako argazkietatik inor ez zuela ezagutzen aipatu du— erruztatzeko jasandako "mehatxuak, irainak eta kolpeak" salatu zituen orain bi astearte, epailearen aurrean. Argazkian, gazteen kontrako epaiketa salatzeko hilaren 14an Gorlizen egindako mobilizazioa.

Espainiak tortura saihesteko neurririk ez duela hartzen nabarmendu dute epaitutako gazteek, eta zigorgabetasunerako katea osatzen dela horrela: "Inkomunikazioa Poliziak torturatu ahal dezan, ikerketarik eza edo ikerketa ahulak auzitegien aldetik zigorrik izan ez dadin, eta gobernuaren indultuak ezkutatu ezin diren kasuetan torturatzaileek zigorrik bete behar izan ez dezaten". Salatu dute horregatik torturatu zituztenak ez direla soilik "ilea atzeraka gominaz zuen potolo hura, 1,80 inguru zen azal iluneko ile motzeko hura edo rastak zituen gaztea". "Torturatu gintuena estatua da", adierazi dute. Gazte auzipetuek tortura kasu guztiak ikertzeko eskatu dute, eta Espainiari eskatu diote tortura posible izan ez dadin nazioarteko arauak betetzeko. "Hala ez den bitartean guk ez dugu onartuko gure torturatzaileen adierazpenik epaitegietan. Hori da ostegunean izango dugun jarrera".

Mehatxuak, irainak eta kolpeak

Xabier de la Mazak bera zein beste pertsona batzuk —poliziak erakutsitako argazkietatik inor ez zuela ezagutzen aipatu du— erruztatzeko jasandako "mehatxuak, irainak eta kolpeak" salatu zituen orain bi astearte, epailearen aurrean. "Dena kontatuko niela esan zidaten. Banekiela zer gertatu zitzaion Jon Anzari", adierazi zuen gazteak. "Kalera ateraz gero, berriz nire bila joango zirela esan zidaten. Nahiago nuen kartzelara joan", gaineratu zuenez. Polizia aurrean sinatutako deklarazioari dagokionez, De la Mazak esan zuenez, "idatzita zeukaten, idazteko plantak egin zituen, baina idatzita zegoen, ez nezan aldatu!".

Gazte independentisten aurkako azkenaurreko sarekada 2009ko azaroaren 24an abiatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaskaren aginduetara. Goizaldean, 35 lagun atxilotu zituzten Hego Euskal Herrian, Segiko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta. Egun hartan ez zen atxiloketarik izan Uribe Kostan.

Hurrengo hilabetean, abenduaren 18an, ordea, Xabi de la Maza Peña atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Gorlizen, bere etxean. 21 urte zituen orduan De la Mazak. Aurreko sarekadaren harira "Xabierren izena epailearen autoan ageri zen, eta auzitegira aurkezteko asmoa zuen hori dela eta" azaldu zuen orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazio egoera ezarri zioten de la Mazari eta kexka nagusitu zen senide, lagun eta auzokideen artean, "operazio horretan atxilotutako gazte gehienek tortura eta tratu txar ugari salatu" zituztelako. Ordutik, Gorlizen eta Plentzian atxiloketa salatzeko hainbat ekimen burutu zuten. Hiru egun beranduago, Marlaskak De la Maza espetxeratzea agindu zuen, Segi "erakunde terroristako kide" zelakoan.

Inkomunikazioa altxatu ostean, Xabierrek Poliziaren esku egondako egunetan "etengabeko mehatxuak eta irainak" jasan zituela salatu zuen. Bere gertukoek kontatu zutenez, inkomunikatuta igaro zituen hiru egun haietan "bere burua erruduntzat jotzea bilatzen zuten mehatxuez" aparte, gazteak "galdeketa ilegalak" jasan zituen. Gorlizetik Bilborako trasladoan, poliziek Sopelako hondartzara eramatearekin mehatxatu zutela salatu zuen, "bertan inor ez zegoelako eta berarekin nahi zutena egingo zutelako". Tortura salaketa horiek Alacanteko epaitegiaren aurrean berretsi zituen gazteak, 2010eko uztailaren 13an. Gainera, bera mehatxatu zuten agenteak identifikatu ahal izango zituela ziurtatu zuen gorliztarrak.

543 egun preso eta herritik ehunaka kilometrora eman ostean, eta senideek 30.000 euroko bermea ordainduta, 2011ko maiatzaren 28an kaleratu zuten Xabier de la Maza. Egun horretan egin zioten lehenengo harrera. Ekainaren 4an, berriz, ongi etorri ekitaldia egin zioten Gorlizko eta eskualdeko 200 auzotarrek baino gehiagok.

Lekukotasunaren pasarte batzuk

“…Kotxean, Indautxuko komisariarako bidean, lehenengo haien artean atxiloketa ospatzen aritu ziren barrezka eta algaraka, ni kristongo trofeoa izango banintz bezala. Gero nire aurkako irainekin eta mehatxuekin hasi ziren (“la has cagado”, “en menudo lio te has metido”, “mierda de gudari”, “mocoso”,…). Larrabasterraren parean hondartzarako bidea hartzeko keinua egin zuten eta bertako parkingean jenderik ez zela egongo eta bakarrik egongo ginenaren gaineko komentarioak egin zituzten.

Irainekin eta mehatxuekin heldu nintzen komisariara eta bertan begiak tapaturik denbora luzean izan ninduten gelatik gelara eta pisutik pisura eramaten. Azkenean komun batzuetan sartu ninduten eta bertan eduki ninduten beste denbora luzez hormara begira, inguruan 3 polizia nituela alde bietara eta atzean; pixka bat atzera erortzen banintzen atzamarra pistola balitz bezala bizkarrean sartzen zidan…”
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun