Getxoko epaitegiaren lana
Biktimak 19 urte zituen 2010eko azaroaren 21ean. Egun horretan, goizaldean metrotik jaitsi ostean, gizonezko batek jarraitu egin zion eta, etxerako bidean, eraso egin eta lurrera bota zuen. Emakumeak, baina, erasotzailea gainetik kentzea eta ihes egitea lortu zuen. Gazteak hurrengo egunean jarri zuen salaketa eta, gaur deklaratu duten ertzainek baieztatu dutenez, uneoro bertsio bera eta koherentziaz kontatu du, susmagarriarekin bat datorren deskribapen fisikoa eta horrek erabili zuen koilare baten deskripzioa emanez.
Halere, gaur gazteak ez du bere akusazioa babesteko lesioen txostena agertzerik izan, bere auzia hartu zuen Getxoko epaileak zein epaitegiko langileek ez zutelako auzitegi-medikuarengana bideratu. Gauzak horrela, Ertzaintzak ez zuen ustezko erasotzailerik topatu 2011ko ekainaren 9ra arte. Egun hartan, lagun batekin Plentziatik oinez zihoala, emakumeak ustezko erasotzailea ikusi zuen telefono-kabina batetik deia egiten. Ertzaintzak bertaratu, 37 urteko susmagarria identifikatu eta atxilotu zuen. Epailearen aurretik pasa ondoren, ustezko erasotzailea kalean eta kargu barik utzi zuten.
Bilborako aldaketa
Horren aurrean, familiak azalpenak eskatu zituen epaitegian eta, hainbat atzerapenen ostean, erantzun harrigarria jaso zuten: "gizonezkoari sexu erasoa leporatzeko frogarik ez zela baina, nahi bagenuen, lapurreta leporatzeko aukera bazegoela". Han erabaki zuten abokatu bat hartu eta auzian agertu beharra zutela. Ostean jakin zuten gaztearen espedientean, nahastuta, ebaste kasu bat ageri zela. Hori ikusita, abokatuak Getxoko instrukzioa bertan-behera utzi eta Emakumearen Gaineko Indarkeriaren arloko Bilboko epaitegietara jotzea deliberatu zuen. Garai horretan, Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladaren eta herriko hainbat kolektiboren babesa jaso zuten.
Halere, auzia Bilbon egonik ere, traba gehiago sufritu du biktimak. Lau aldiz joan behar izan zuen auzi-medikuarengana, txosten psikologikoa egin ziezaioten. Forentseak kasu guztietan bidali zituen atzera, bere espedientea irakurri barik zueneko aitzakiaren pean, senide ernegatuek azaldu dutenez. Azkenean, ikastetxeak, kontratatu ezin izan zuen enpresak eta hainbat erakundek bidalitako txostenetan oinarrituta, kalte psikologikoak frogatutzat eman zituen auzi-medikuak, neska hartu barik. Txosten horiek hain zuzen ere, aurkeztu ditu gaur emakumearen abokatuak.
Ustezko erasotzailea, ETAren biktima
Ustezko bortxatzailegaiaren defentsak akusazioak ukatu eta absoluzioa eskatu du. Halere, gizonak kontraesanetan erori da bistan. Izan ere, "koilarerik inoiz ez" duela jantzi, baina atxilotu zuten egunean neskak aurretik deskribatutakoa zeraman soinean. Bestalde, fiskalak gogoratu dio aurretik adingabeko batek jarri zion salaketa. Hori "baimendutako sexua" izan zela eta geroago neskak salaketa kendu zuela adierazi du. Azkenik, ETAk 1990an akusatuaren aita hil zuela kontuan hartzeko eskatu du defentsa abokatuak. Epaileak, baina, hori aintzat hartzea baztertu egin du, hori gertatu zenean bortxaketa saiakera jaso zuen neskak jaio gabe zegoela aipatuta.