Bihar, urriak 25, Gernikako Estatutuaren eguna deritzotena, Herri Eskolak burutuko dituzte Ikasle Abertzaleek (IA) Getxoko Aixerrota institutuan, "Jai egun arrotzei... intsumisioa!" lelopean. Izan ere, ikasle erakundeak zabaldu duenez, "2009an Euskal Herri Penintsularreko zatiketa administratiboan sakontzeko asmorekin izendaturiko eguna dugu". Dena dela, Eusko Legebiltzarraren ostean, urriaren 25a modu ofizial baten ospatzen den azken aldia izatea "txalotu" dute IAkoek, "urteetan zehar inposatu diguten jai egun arrotza desagertzen baita". Hori bai, herri eskoletan parte hartzera deitu dituzte ikasleak, "egutegi propioa eraikitzen" jarraitzeko asmoz. Horrenbestez, biharko, gosaria (10:00), aurkezpen jolasa (10:30), Lomce-ren inguruko hitzaldia eta mahai-ingurua (10:45) eta jolasak (12:30) antolatu ditu Aixerrotako IAk. Argazkian, Aixerrotan egindako herri eskolak, artxiboko irudian / cc-by-sa Ikasle Abertzaleak.