Atzoko saioaren aurretik "torturatzaileei hitza ematea onartezina" zela iragarri zuten 26/11 sumarioan epaitutako gazteek; "torturaren zigorgabetasuna betikotzea zekarrela eta ez ginela prest halakorik onartzeko", hain zuzen ere. Hedabideen eta sare sozialen bitartez berain salaketaren berri izan ostean, poliziaren adierazpenetan presente ez egotea onartu zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek. "Horrek erakusten du badakiela, ezagutzen duela, gutako 30 torturatu egin gaituztela", kritikatu dute neska-mutilek. "Hala ere, torturatzaileek hitza hartu dute, gezurra esan dute moduaz (atxilotuei emandako tratuaz) eta mamiaz (gazte mugimenduaren kriminalizazioaz)", gaineratu dutenez. Urriaren 14an hasi ziren epaitzen Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Argazkian, poliziak eta guardia zibilak deklaratzen hasi aurretik, aretoa hutsik utzi zuten 26/11 sumarioko gazteek / © Libre.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!