Historia guztia berridatzi nahi dute, era horretako moduak erabiliz. Gaurko saioan ikusi dugu nola. ETA eta Batasuna gauza bera zirela diote, baina 90eko hamarkadan, hori dioten alderdietako ordezkariek kontrakoa adierazten zuten: HBrekin biltzen zen PP, Mayor Orejaren onespenaz; PSOE ere HBrekin elkartzen zen, buru guztien baimenaz. Orain, aldiz, HB, Euskal Herritarrok eta Batasunaren aurkako akusazioak bi eta hiru epaiketatan ere errepikatu egiten dituzte, pertsona berdinen aurka, aurrekoetan absolbitu akusazioak oraingo honetan berriro eta modu berean aurkeztuz. “Non da seguritate juridikoa hemen? Ez nuen inoiz pentsatu ere egingo, hirugarren aldiz , akusazio bera aurkeztuta epaituko nindutenik, aurreko bietan absolbitua izan ondoren!”, esan du erneguz auzipetu ezagun batek gaur epaileen aurrean.
Ikusteko jaio gara. Euskal rock erradikalaren bultzada; OTANen aurkako kanpaina arrakastatsua, edota Gernika 37/87 gogoangarri hura diseinatzea, gaur Audiencia Nacional honetan, ETAkoa izateko argudio gisa aurkezten dituzte.
Gaur deklaratu duen auzipetu batek zera esan du, duela urte batzuk diskartrosia izeneko gaixotasuna diagnostikatu ziotela, bere askatasuna zeharo mugatzen duena. Amaitu orduko joan gatzaizkio auzi-kideak, galdera hau egitera: ze gaixotasun da okerragoa, diskartrosia ala Audiencia Nacional hau?
Erremediorako errezeta: goazen larunbatean Bilboko kaleak ibiltzera, Libre!
Karmelo Landa Literatura irakaslea Leioa eta Erandioko campusean eta auziperatuak "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.