Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak gaur egin du osoko bilkura, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaz iragan astelehenean emandako ebazpena nola ezarri aztertzeko. 09:15ean batzartu dira aretoa osatzen duten hamazazpi epaileak, Fernando Grande Marlaskak zuzenduta, eta 14:00 aldera jakinarazi dituzte bertan hartutako erabakiak, Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Josepa Ernaga askatzeko data aurreratzeko eta Juan Manuel Piriz libre uzteko eskaerak izan dituzte mahai gainean, baina baita doktrina ezarria duten auzi guztiez batera edo banan-banan erabakiko duen ere. 54k aurkeztu dute eskaera, baina epaitegiak esan du 49 jaso dituztela. Ernagaren inguruko deliberoa atzeratu egin dute azaroaren 8ra, edozer ebatzita ere espetxean jarraituko duelako oraindik. Piriz, ordea, libre utziko dute. 2009az geroztik behar zuen aske. Bestalde, Gorenean eta Konstituzionalean helegitea jarri dutenen kasuan, epaitegi horien esku utzi du erabakia Auzitegi Nazionalak. Gainerakoen inguruan, ostiraleroko osoko bilkuretan erabakiz joango da. Hiru eguneko epea eman dio fiskalari horien inguruko txostenak prestatzeko. Argazkian, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politikoaren askatasuna aldarrikatu zuten itzubaltzetarrek apirilaren 27an egindako agerraldian. Maiatzaren 4ean zen kalera ateratzekoa, 197/2006 doktrina aplikatu aurretik.